Itxi

Lau ospitaletan

Osakidetzaren LEPetarako dokumentazioa entregatzeko ordutegi zabalagoa izango dute gaurtik aurrera

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Bi ordu gehiago izango da izapidea egiteko (17:00ak arte). Jon den astean ilara luzeak sortu ziren erregistroaren bulegoetan. Gainera, dokumentazioa entregatzeko prozesua erraztu dute.

Ilarak sortu ziren dokumentazioa entregatzeko. Argazkia: EITB Media

Osakidetzaren estabilizaziorako Lan Eskaintza Publikoetan (LEP) izena emanda daudenek ordutegi zabalagoa (08:00-17:00) izango dute gaurtik hasita dokumentazioa entregatzeko. Erreferentziako lau ospitale nagusietako —Txagorritxu, Basurtu, Gurutzeta eta Donostialdea— bulegoetan, bi ordu luzatu dute ordutegia, joan den astean izapide horrek ilara luzeak eragin ostean.

Osakidetzako LEPean izena emanda daudenek titulazio akademikoa, euskararen ezagutza, Osakidetzako lan esperientzia eta bestelako lan merituak egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu behar dute, bestelako egiaztagiri eta gidabaimenarekin batera, plaza bakoitzerako izena emateko prozesuan aurkeztutako curriculumarekin bat datorren erakusteko, nahiz eta 2018/19ko LEPean aurkeztu zuten. Osakidetzako langile diren eta beste lanpostu batera aurkeztu diren langileek ere aurkeztu beharko dute.

Izapide horrek hainbat orduko ilarak eragin zituen joan den astean erregistroen bulegoetan. Arazoa arintzeko, Osakidetzak neurriak iragarri zituen ostiralean. Nabarmendu zuenez, "behar beste baliabide bideratzen ari gara, bai baliabide materialak, baita giza baliabideak ere".

Osakidetzak, era berean, gogorarazi du dokumentazioa ohiko erregistro orokorretan ere entregatu ahal dela: Correosen, administrazio publikoetan...

Halaber, erraztu egin dute dokumentazioa hartzeko prozesua, eta, orain, hainbat kategoriatarako dokumentazioa entregatu behar duenak behin bakarrik egin ahalko du. Hau da, txantiloia erregistratu ondoren, hainbat kategoriatarako erabili ahalko du, zein LEP, kategoria eta erregistro zenbaki dagokion adierazita, eta dokumentazioa lehen aldiz eman zuen lehen erregistroaren data zehaztuta.

NANaren kopia bakarrik entregatu behar dutenen kasuan, dokumentazioa aurretik emanda eta baliozkotuta dutelako, Osakidetzak zuzenketa prozesua erabiltzea erabaki du; hala, agiriak berriro aurkeztu beharrik ez dute, eta Osakidetzak berak eskatuko die NANa entregatzea, hautagaiaren izen-abizenak, jaiotza-data edota jatorria egiaztatu behar badu.

Bideoak (1)