Zorrotzaurre uhartea
Erresuma Batuko M&G funtsak alokairurako bi etxebizitza dorre erosi ditu Bilbon, ia 98 milioiren truke
Agentziak | EITB Media
Zehazki, salerosketa akordio bat sinatu du Urbas enpresarekin, eta, horren bidez, 314 etxebizitza bereganatuko ditu.
Urbas Finantza Taldeak alokairurako bi etxebizitza-bloke saldu dizkio Bilbon Erresuma Batuko M&G Real Estate inbertsio funtsari, 98 milioi euroren truke, konpainiak gaur iragarri duenez.
Etxebizitzak Zorrotzaurre uhartean egongo dira, Bilboko Manhattan berrian. Urbas 850 etxebizitza baino gehiago egiten ari da bertan.
Zehazki, M&G Real Estatek salerosketa ixteko akordio bat sinatu du Urbasko sozietate batekin, eta, horren bidez, funtsak 314 etxebizitza, 407 garaje-plaza eta 314 trasteleku bereganatuko ditu, 15 eta 17 solairuko bi dorretan banatuta.
Operazio horren bidez, Urbas konpainiak alokairurako pisu horiek eraikiko ditu. Gehienez hiru logela izango dituzte, eta 2026ko bigarren seihilekoan egongo dira bukatuta.
Etxebizitza guztiak itsasadarrera begira egongo dira, eta instalazio komunak izango dituzte lorategi eta haurrentzako jolasgune, gimnasio, trasteleku pribatu eta auto eta bizikletentzako aparkaleku eta guzti. Horrez gain, 360 metro koadroko merkataritza-eremua izango dute.