Itxi

AIREPORTUAK

Bilboko eta Donostiako aireportuek bidaiarien errekorra hautsi dute uztailean

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Bilboko aireportuak 680.000 bidaiari izan zituen uztailean —aurreko urtean baino % 17,1 gehiago —, Donostiako aireportuak 52.000, eta Gasteizkoak 34.000 —% 34,4ko hazkundea izan zuen—.

Bilboko aireportua jendez lepo. EITB Mediaren bideo batetik hartutako argazkia.

Euskal aireportuek kopuru historikoak lortu dituzte 2023ko uztailean bidaiari kopuruari dagokionean, gaur Aenak eskainitako datuen arabera. Loiuko aireportua gailendu da zerrendan, inoizko datu hoberenekin: 679.997 bidaiari. Hondarribiko aireportuak ere zifra historikoak lortu ditu 52.218 bidaiarirekin. Hirugarren postuan Forondako aireportua kokatzen da 34.125 pertsona erregistratuta.

Pasa den hilabetean Bilboko aireportuan izandako bidaiari kopurua % 17,1 hazi zen 2022ko hilabete berarekin alderatuta. Uztailean lortutako emaitza horien ondoren, aireportuak jarduera handia izan du abuztuko egun hauetan: guztira 735 lurreratze- eta aireratze-operazio aurreikusten dira joan den ostiraletik, abuztuaren 11tik, bihar, asteartea, hilaren 15era bitartean. Urte hasieratik, Loiuko terminalean 3.506.772 bidaiari mugitu dira.

Donostiako aireportuak bi hilabetez jarraian hautsi du bidaiarien errekorra, ekainean, 47.612 bidaiari izan baitzituen. Urteko lehen zazpi hilabeteetan, Gipuzkoako aireportutik 268.553 bidaiari igaro dira 2023 honetan, iazko aldi berean baino % 34 gehiago.

Gasteizko Forondako aireportuak iazko hilabete berean baino % 34,4ko bidaiari gehiago izan dituen uztailean. Urte honen hasieratik, 180.951 bidaiari zenbatu dira Arabako aireportuan, 2022ko lehen zazpi hilabetetan baino % 40,3 gehiago.