Automobilgintza
Volkswagen Nafarroako Enpresa Batzordeak inbertsioei buruzko premiazko bilera bat eskatu dio zuzendaritzari
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Hyundai Mobisek ibilgailu elektrikoen baterien hornitzaile gisa jardungo duela iragarri ondoren, Nafarroako Batzordea kezkatuta agertu da Landabeneko balizko "deslokalizazioarekin".
Volkswagen Nafarroako Enpresa Batzordeak premiazko bilera bat eskatu dio enpresako zuzendaritzari, enpresak berak egingo dituen inbertsioen inguruko azalpenak emateko. Hain zuzen ere, ibilgailu elektrikoek erabiliko dituzten baterien hornitzaile gisa Hyundai Mobisek egindako iragarpena izan da Landabenen kezka eragin duena.
"Kanpora ateratzea baieztatzen bada, lantegiaren lehiakortasunaren galerarekin batera, Nafarroako Volkswageneko deslokalizazioaren lehen harria izango litzateke", adierazi du Batzordeak.
Horrekin batera, administrazioek enpresaren intereserako "oso kontrako" jokabidea izan dutela ondorioztatu du batzordeak, astelehenean egindako bileran. Izan ere, haien iritziz, funts publikoek "ez baitute beharrezko gutxieneko inbertsioa bermatzen".
Azkenik, Enpresa Batzordeak jakinarazi du berriro bilduko direla aurrera eramango dituzten ekimenen oinarriak zehazteko.