INTERES TASAK
Europako Banku Zentralaren interes tasak goia jotzetik "oso gertu" daude, Frantziako Bankuaren arabera
AGENTZIAK | EITB Media
Edozein kasutan, Frantziako Bankuko gobernadoreak zehaztu du denbora igaroko dela interes tasak jaisterako. Europako Banku Zentralak irailaren 14an bilera egingo du diruaren prezioari buruz erabakitzeko.
Europako Banku Zentralaren (EBZ) interes tasak goia jotzetik "oso gertu" daudela adierazi du Frantziako Bankuko gobernadoreak. Edozein kasutan, François Villeroy de Galhauk zehaztu du denbora igaroko dela interes tasak jaisterako.
"Gure interes tasak goia jotzetik oso gertu daude; aitzitik, urrun gaude jaisten hasteko momentutik", gaineratu du Frantziako Bankuko gobernadore ez ezik Europako Banku Zentralaren kontseiluko kide ere badenak.
Gaur goizean kazetariekin egin duen topaketa batean azaldu duenez, Europako Banku Zentralak irailaren 14an egingo duen bilerari begira aukera guztiak "zabalik" daude.
AEBko Erreserba Federala (Fed), ostera, bezperan elkartuko da diruaren prezioari buruz erabakitzeko.
20 hilabetean lehen aldiz, euriborrak behera; hipoteka kopuruak ere, behera
12 hilabeterako euriborraren indizeak azken 20 hilabeteetan lehen aldiz egin du behera abuztuan, eta hileko tasa % 4,073an kokatu da. Hamabi hilabeterako euriborra da Espainiako hipoteka aldakorren adierazle nagusia, eta euriborrak behera egin badu ere, abuztuan hileko kuota berrikustea dagokionari garestitu egingo zaio, iaztik nabarmen egin baitu gora (% 1,249tik % 4,073ra). Adibidez, 30 urterako 150.000 euroko hipoteka aldakor bat kontratatuta duenari 240 euro garestituko zaio hileko kuota
Bestalde, etxebizitzen gaineko hipoteka berrien kopuruak % 21,8 egin du behera ekainean Euskal Autonomia Erkidegoan, aurreko urteko hilabete bereko datuekin alderatuta, baina zertxobait egin du gora maiatzekoekin alderatuta, orduan % 26,9 jaitsi baitzen. Nafarroan, duela urtebete baino % 11 gutxiago sinatu dira.