Itxi

protestak

Ertzainek eta Eusko Irratiko langileek lan baldintzak hobetzea eskatu dute Legebiltzarraren aurrean

I.G. | eitb media

Leer en Castellano

Ertzaintzaren sindikatuek bilera egitea eskatu dute "gatazka bideratzeko". Bestalde, Eusko Irratian ordezkaritza duten sindikatuek greba eguna deitu dute gaurko.

Eusko Irratiko sindikatuek deitutako protesta, Legebilzarraren aurrean

Ertzaintzako sindikatuek (ErnE, Esan eta Sipe) bilera bat eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, "gatazka bideratzeko", eta, aldi berean, Ertzaintzak bizi duen "egoera penagarria" salatu dute, "inoiz ez baita hain gaizki egon 40 urteko historian".

Ertzaintzako sindikatuek elkarretaratzea egin dute ostegun honetan Eusko Legebiltzarraren atarian, politika orokorreko eztabaida-saioa dela eta. Bertan azaldu dutenez, Josu Erkoreka Segurtasun sailburuari eta Idoia Mendia bigarren lehendakariordeari bilera bat eskatu diete, "egoera hau euren artean bideratzeko".

Beste alde batetik, Eusko Irratiko langileek, ELA, LAB eta ESK sindikatuek deituta, elkarretaratzea egin dute Eusko Legebiltzarraren aurrean, "gure lana aitortzeko".

Ana Arbulu (ELA) Eusko Irratiko zentroen arteko batzordeko presidenteak azaldu duenez, "13 urte daramatzagu lan hitzarmena berritu gabe, gure funtzioak eta betebeharrak halabeharrez aldatzen joan diren bitartean; zuzendaritzak eskatu egin izan du, eta geuk egin izan dugu".

"Jendea oso nekatuta dago", gaineratu du, eta euren aldarrikapenak laburbildu ditu: "negoziazioa berme guztiekin egitea, euskal irrati publikorako kontratazioetan lan poltsa errespetatzea eta irudi-eskubidea".

EITBko irratietan ordezkaritza duten sindikatuek greba eguna deitu dute gaurko, baita hilaren 26rako eta urriaren 19rako ere. Hori dela eta, Eusko Irratia gutxieneko zerbitzuak eskaintzen ari da.