Itxi

EBZren bilera

Europako Banku Zentralak oinarrizko 25 puntu igo ditu interes-tasak, % 4,5eraino

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Horrela, Europako Banku Zentralak hamargarren aldiz jarraian igo ditu interes-tasak, euroaren eremuko inflazioa geldiarazteko, ekonomia geldotzen ari den arren.

Europako Banku Zentrala. Pixabay.

Europako Banku Zentralaren Gobernu Kontseiluak EBZren hiru interes-tasa ofizialak oinarrizko 25 puntu igotzea erabaki du. Ondorioz, finantzaketa-eragiketa nagusien interes-tasa eta kreditu-erraztasun marjinalaren eta gordailutze-erraztasunaren interes-tasak % 4,50era, % 4,75era eta % 4,00ra igoko dira, hurrenez hurren, 2023ko irailaren 20tik aurrera.

Diruaren prezioaren hamargarren igoera jarraituarekin (azken 20 urteotan izan duen mailarik altuenean kokatu da), EBZk aurrera jarraitzen du bere diru-politika gogortzen.

Europako Banku Zentralak bi hamarren beherantz (% 0,7) berrikusi du eurogunerako aurreikusitako hazkunde ekonomikoa 2023an, eta bi hamarren igo du aurtengo batez besteko inflazioa, % 5,6raino.

Erakundearen aurreikuspenen arabera, azpiko inflazioa (elikagaiak edo energia kontuan hartzen ez dituena) ez da aldatuko, % 5,1ekoa izango baita 2023an, eta pixka bat jaitsi du hurrengo bi urteetarako.

Gobernu Kontseiluaren ustez, Europako Banku Zentralaren interes-tasa ofizialek maila jakin batzuk lortu dituzte. Epe aski luze batean mantendu ondoren, tasa horiek nabarmen lagunduko dute inflazioa laster % 2ko helburura itzultzen.