PENTSIOAK
Pentsioen gastua inoizko handiena izan da Espainiako Estatuan, irailean
AGENTZIAK | EITB Media
Gizarte Segurantzak 12.051 milioi euro erabili ditu irailean pentsiodunei ordaintzeko, iaz hilabete berean baino % 10,9 gehiago. Guztira, kotizazio bidezko 10.073.434 pentsio ordaindu ditu Gizarte Segurantzak eta 9,12 milioi pertsona izan dira onuradunak.
Pentsioen gastuak orain arteko markak hautsi ditu Espainiako Estatuan eta irailean Gizarte Segurantzaren kotizazio bidezko pentsioen nomina 12.051,4 milioi eurokoa izan da, iaz hilabete berean baino % 10,9 gehiago, Gizarte Segurantza, Inklusio eta Migrazio Ministerioak gaur zabaldutako datuen arabera.
Pentsioen fakturak uztailean gainditu zuen lehen aldiz 12.000 milioiren langa, eta irailean beste errekor bat ezarri du.
Jose Luis Escrivak gidatzen duen ministerioak kotizazio bidezko 10.073.434 pentsio (erretiroa, ezintasun iraunkorra, umezurtz eta alarguntasun pentsioak) ordaindu ditu irailean eta 9,12 milioi pertsona izan dira onuradunak.
Urte hasieran pentsioak KPIaren arabera igo ondoren, hileko batez besteko erretiro pentsioa 1.376,4 eurokoa izan da irailean, iaz hilabete berean baino % 9,5 gehiago.
Hilabeteko batez besteko pentsioa (erretiroa, ezintasun iraunkorra, umezurtz eta alarguntasun pentsioak) 1.196,35 eurokoa da, eta % 9,5 igo da iazko irailetik aurtengo irailera.