Itxi

Osakidetza

Osasun Sailak Osakidetzako behin-behineko kontratazioen inguruko aldaketak adostu ditu SATSE, SME eta UGTrekin

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Akordio zehatz hori gorabehera, sindikatu guztiek Mahai Sektorialaren bileraren balorazio kritikoa egin dute, eta salatu dute Osasun Sailak atea itxi diola Lan Baldintzen akordioa negoziatzeari, 14 urte daramatzana berritu gabe.

Osakidetzako osasun-etxe bat. Argazkia: EITB Media.

Lau ordu baino gehiago iraun duen Osasun Mahai Sektorialaren bileran, Osasun Sailak jakinarazi du Osakidetzako behin-behineko kontratazioen inguruko aldaketak adostu dituela SATSE, UGT eta Medikuen Sindikatuarekin (SME). 

18-19ko LEPeko kategoria guztietako hautagaien behin-behineko zerrendak argitaratzeko konpromisoa berretsi du ohar batean, azaroan amaituko diren egonkortze LEPeko azterketak baino lehen egingo dutela azaltzearekin batera. 

Hiru sindikaturekin akordio zehatz hori lortu den arren, Mahaiko sindikatu guztiek (SATSE, ELA, LAB, SME, CC.OO. eta UGT) deitoratu egin dute Osasun Sailak bileratik kanpo utzi izana Lan Baldintzen akordioaren negoziazioa, 14 urte daramatzana berritu gabe. Hitzarmenaren negozioari heldu nahi zioten sindikatuek (azkena 2009koa da), baina Osakidetzak uko egin dio eskaerari.

Sindikatuek plantilla estrukturala handitzea eskatu dute eta Estatuko Aurrekontu Orokorretan jasotako aukera aprobetxatzea, hain zuzen ere, aurten salbuespen gisa ezarri den birjarpen-tasa igotzeko aukera. Modu horretan behin-behinekotasuna % 8tik gorakoa ez izateko Europak emandako agindua bete ahal izango dela azpimarratzen dute. Osakidetzak ez du aukera hori planteatu, eta orain egiten ari diren LEPen ebazpenera jotzen du. Sindikatuen arabera, egonkortzeko LEP horiek ez dute behin-behinekotasunaren arazoa konponduko. Euren hitzetan, behin-behineko 2.200 kontratu amaitzear dira eta lanpostu horiek desagertu egingo dira, plantilla are gehiago txikituz.

Ohar bateratuan, sindikatu guztiek adierazi dute, ez dela inolako aurrerapausorik izan.