SOLDATAK
EAEko sektore publikoko langileek % 0,5eko soldata igoera gehigarria izango dute aurten
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Langile publikoen soldatak % 2,5 handitu ziren urtarrilean, baina beste % 0,5 igoko dira urritik aurrera, 2022ko eta 2023ko irailen arteko KPIaren baturak % 6 gainditu duelako.
Euskal Autonomia Erkidegoko langile publikoen soldatak beste % 0,5 igoko dira urritik aurrera, Eusko Jaurlaritzak gaurko gobernu bileran onartutakoaren arabera. Neurriak atzerako eragina izango du, eta, hortaz, urtarriletik irailera arteko soldatei ere aplikatuko diete igoera hori.
Espainiako Gobernuak eta CCOO eta UGT sindikatuek sinatutako akordio baten arabera, langile publikoen soldata % 2,5 handitu zen urtarrilean. Hala ere, akordio horrek soldatak beste % 0,5 igotzea aurreikusten zuen, baldin eta 2022ko eta 2023ko irailen arteko KPIaren batura % 6 baino handiagoa bazen, eta horrela izan da.
Espainiako Estatistika Institutuak emandako datuen arabera, aurtengo iraileko inflazioa (% 3,5) eta iazko hilabete bereko datuak (% 5,5) batuta aise gainditu da % 6 hori.
2023an, beraz, % 3ko soldata igoera izango dute langile publikoek. Eusko Jaurlaritzaren arabera, horrek 20.793.298 euroko kostua izango du euskal administrazioarentzat.