Itxi

Gipuzkoa

Azpeitiko Udalak helegitea aurkeztuko du Corrugadosen inguruko dekretua baliogabetzearen kontra

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Udalaren arabera, atzo emandako epaiak ez du jarduera industriala Amueko orubean berrezartzeko baimena ematen. Helegitean argudiatuko dutenez, lantegiaren jarduna "bateraezina" da hirigintza planak 2013an ezarritako "bizitegi erabilerarekin".

Lantegiaren artxiboko irudi bat. EITB Media

Atzo aurreratu bezala, Azpeitiko Udalak helegitea aurkeztuko du Corrugados enpresa egungo kokalekuan (Amue eremua, herriaren erdigunean) berriro irekitzea galarazi zuen udal dekretua baliogabetu duen epaiaren kontra. 

Cristian Lay taldeak 2013tik itxita zegoen lantegia berriro zabaltzeko asmoa iragarri zuen 2020an, eta 2021ean, udal dekretu bidez, jarduera industrialaren iraungitzea ezarri zuen Udalak. Erabaki hura baliogabetzea ebatzi zuen atzo Donostiako Administrazioarekiko Auzietako 1 zenbakiko Epaitegiak. 

Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez, apelazio errekurtsoa aurkeztuko du datozen egunetan, eta defendatuko du jarduera industriala "bateraezina" dela "2013ko Hirigintza Plan Orokorrak Amueko orubean aurreikusi zuen bizitegi erabilerarekin". Izan ere, urte hartatik "ez zegoen industria jarduerarik" eremuan, "lantegia itxita eta ekonomia jardueren gaineko zergan baja emanda baitzegoen". 

Nagore Alkortak zuzentzen duen udalak zehaztu duenez, epaiak "ez du eremuan jarduera berrezartzeko baimena ematen". Epailearen arabera, udal dekretua "ez dator bat zuzenbidearekin", jarduera-lizentzia "aurretik iraungitzea" ekarri zuelako.

Udalaren ustez, dekretuak "ez ditu inoiz enpresaren asmoak baldintzatu". Gogorarazi dutenez, dekretua 2021eko irailean sinatu zuen Alkortak, eta Cristian Lay enpresak maiatzean utzi zuen bertan behera lantegia berriro zabaltzeko asmoa.

Albisteak (1)