Batasun mezua
Hollandek eta Montik eurogunea 'babestea eta egonkortzea' eskatu dute
Erredakzioa
Frantziako presidentearen eta Italiako lehen ministroaren ustez, “aurrepauso nabarmenak” egin dira azken asteotan.
François Hollande Frantziako presidenteak eta Mario Monti Italiako lehen ministroak eurogunea babestea eta egonkortzea eskatu dute, eta azken asteotan "aurrerapauso nabarmenak" egin direla nabarmendu dute.
Eliseo Jauregian egindako bileraren ostean, Hollandek esan du "guztia" egiteko prest daudela Europar Batasunaren ekaineko goi-bilerako erabakiak bete daitezen, eta eurogunea "egonkortu" dadin.
Bien ustez, Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidenteak euroari egindako babesak eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak gauza bera egiteak "Europari proiektu bat ematen dion moneta bakarra babestu nahi dutela" esan nahi du.
Italiako burua Hollanderekin bat etorri da gauza guztietan, eta eurogunea egonkortzeko aurreikuspenak hobetuz doazela gaineratu du.