EUROPA
Argindar merkatuaren erreforma adostea lortu dute Europar Batasuneko herrialdeek
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Besteak beste, epe luzerako kontratuak sustatu eta hornidura bermatzearen aldeko neurriak indartzen ditu erreformak. Orain, Europako Parlamentuan eztabaidatu beharko dute azken testua. Urtea amaitu aurretik onartzea da asmoa.
Argindar merkatuaren erreforma desblokeatu eta oinarrizko testu bat adostea lortu dute Europar Batasuneko herrialdeek. Eztabaida ez atzera ez aurrera zegoen azken hilabeteotan, bereziki, zentral nuklearrei aitortuko zaien izaeraz Frantziak eta Alemaniak zituzten iritzi kontrajarriengatik.
EBko Kontseiluak —Espainiari dagokio orain presidentetza— azken orduko proposamen bat onartzea lortu du, ia aho batez. Hungaria bakarrik abstenitu da. Kostata, baina Alemaniak alde bozkatzea lortu dute, Frantziak zentral nuklearrekin lor ditzakeen abantailei buruzko zalantzak argituta.
"Guztiok izan duzuen jarrera eraikitzaileagatik, eskerrak ematen utziko didazue", esan du batzarraren amaieran Teresa Ribera Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako ministroak. Txalo zaparrada batekin erantzun diote EBko energia ministroek.
Europar Batasuna, estatu kide guztiak eta industria elektrikoak aspalditik ari ziren eztabaidatzen, argindar merkatua doitu eta araudia aldatzeko. Abiapuntuan ados egon dira hasieratik: epe luzerako prezio merke eta egonkorrak dituzten energia berriztagarrien hedapena erraztea, EBk klimaren inguruan ezarritako helburuetara hurbiltzeko eta Errusiarekiko menpekotasunetik urruntzeko.