BEASAIN
Amiantoagatik itxitako pabiloiengatik erantzukizunak argitzeko eskatu du CAFeko langileen batzordeak
EITB MEDIA
Bi orduko lanuztea egin dute langileek udan gertatutakoa salatzeko. Hiru pabiloi itxita egon ziren Beasaingo plantan, teilatuan amiantoa agertu zelako. Lan-batzordeak salatu du enpresak produkzioa lehenesten duela beharginen osasunaren gainetik.
Amiantoagatik itxitako pabiloiengatik erantzukizunak argitzeko eskatu du gaur CAFeko langileen batzordeak. Hiru pabiloi itxita egon ziren udan Beasaingo plantan, horietako baten teilatua desmuntatzeko lanetan amiantoa agertu delako. Sindikatuek salaketa jarri dute Lan Ikuskaritzan, 300 langile amiantoaren eraginpean egon zirelako, eta gertatutakoa lehenbailehen argitzeko eskatu dute.
Agerraldia egin dute gaur beharginek Beasainen, eta baita bi orduko lanuztea ere. CAFeko zuzendaritzak eta Osalanek huts egin dutela salatu dute, "oker eta berandu" jokatu dutela iritzita. Langileen batzordearen iritzian, enpresak produkzioa lehenesten du beharginen osasunaren gainetik, eta, gogoratu duenez, azken urteotan CAFeko 60 langile baino gehiago hil dira amiantoaren ondorioz.
"CAFek zaindu egin behar du bere plantillaren osasuna, eta, beraz, hain prozesu korapilotsuan zalantzarik txikienaren aurrean, zuhurtasun printzipioa nagusitu behar da. Ez dakigu non geratzen den hainbeste goraipatutako prebentzioaren kultura", esan dute langileek. Horien ustez, "prebentzioko ordezkarien iritziaren kontra, CAFek erabaki zuen izugarri zikinak ikusten ziren nabeak langilez betetzea".
Abuztuaren amaieran, hiru pabiloi aldi baterako itxi zituzten, eta urriaren 16an hasi ziren langileak lanera itzultzen. Egoerak kaltetutako langileak "amiantoaren eraginpean egon daitezkeen langileen zerrendan" sartzeko exijitu du langileen batzordeak.