Itxi

2024ko aurrekontuak

1.160 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du Gipuzkoak 2024rako "arlo sozial zein ekonomikoan hazteko"

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Behin kontuak aurkeztuta, zabalik dago eztabaidarako epea. Agerraldian ahaldun nagusiak esan duenez, "Gipuzkoaren etorkizunerako giltzarri den momentu batean gaude".

Eider Mendoza, Jose Ignacio Asensio eta Jokin Perona. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak 1.160 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du —2023an baino 30 milioi gehiago (% 2,7)— datorren urterako. Agerraldian, ahaldun nagusi Eider Mendozak kontu horien izaera "inbertitzailea, soziala eta eraldatzailea" nabarmendu du, eta azpimarratu du 2024ko aurrekontuak zaintzan, gizarte politiketan, ekonomiaren garapenean eta enpleguan "hazteko" prestatu dituztela.

Jose Ignacio Asensio diputatu nagusiordea eta Jokin Perona Ogasun eta Finantzetako foru diputatua ere izan dira aurkezpenean.

Proposamena Gobernu Kontseiluan onartu, eta Batzar Nagusietako presidente Xabier Ezeizabarrenari helarazi diote eguerdian. Behin kontuak aurkeztuta, zabalik dago eztabaidarako epea. Lehenik eta behin, batzordean eztabaidatuko dute aurrekontu proiektua, geroago zuzenketak ezartzeko epea zabalduko dute eta, azkenik, osoko bilkuran onartuko dituzte kontuak.

Agerraldian ahaldun nagusiak esan duenez, "Gipuzkoaren etorkizunerako giltzarri den momentu batean gaude, ezegonkortasunak eta ziurgabetasunak agintzen duten honetan". Gipuzkoa, baina, "indartsu" ari da erantzuten, Mendozaren iritziz, "beraz, horretaz baliatu beharko gara orain ditugun eta aurrerago iritsiko diren erronkei aurre egiteko".

Guztira, 515 milioi euro —orain arteko diru kopuru handiena— bideratuko dituzte Zaintza eta Gizarte Politiketara; alegia, 724 euroko inbertsioa egingo dute biztanle bakoitzeko, gizarte politiketan.