Itxi

GARRAIO PUBLIKOA

Garraio publikoan % 20ko hobaria mantenduko dute 2024an EAEko erakundeek

EITB MEDIUA

Leer en Castellano

2022tik indarrean dagoen hobariari eustea adostu dute EAJk eta PSE-EEk. Hala, Espainiako Gobernuak datorren urtean % 30eko hobaria mantenduko balu, orotara garraio publikoaren erabiltzaileek % 50eko deskontua izango lukete EAEn.

Artxiboko irudia

Garraio publikoan % 20ko hobaria mantenduko dute 2024an Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek. Hala adostu dute gaur EAJk eta PSE-EEk, eta neurri hori ahalbidetzeko konpromisoa hartu dute.

Arratsaldean kaleratu duten oharrean, bi alderdiok jakinarazi dute datorren urtean "garraio titulu pertsonalizatuen eta abonuen tarifetan % 20ko hobaria ezartzen" jarraitzea erabaki dutela. Horretarako, "helburu hori lortzeko beharrezkoak diren" prozeduren alde egingo dute erakundeetan dauden ordezkari jeltzaleek eta sozialistek, agiri horren arabera.

Horrela, Espainiako Gobernuak ere 2024an garraio publikoan % 30eko hobaria mantenduko balu (hala adostu zuten PSOEk eta Sumarrek), orotara garraio publikoaren erabiltzaileek % 50eko hobaria izango lukete. 2022ko irailetik dago indarrean deskontu hori.

EAJk eta PSE-EEk "beharrezko jotzen dute neurri eraginkorrak hartzea Ukrainako gerrak, Ekialde Hurbilean piztu den krisiak, interes-tasen igoerak eta elikagaien garestitzeak familia-ekonomietarako ekarri dituzten ondorioak arintzeko". Gehitu dutenez, eurentzat "garraio publikoaren arloko konpromisoak gai estrategiko dira".

Garraio publikoari emandako laguntzek "bidaiarien kopurua igotzea" ekarri dutela ziurtatu dute, eta "mugikortasun sistema iraunkorra eta eraginkorra" bultzatzeko lanean jarraituko dutela nabarmendu dute.