Itxi

NAFARROA

Volkswagenek 52,5 milioi inbertituko ditu Landabenen, eta bi modelo elektriko ekoitziko dituela baieztatu du

EITB Media

Leer en Castellano

Nafarroako Volkswagenen Administrazio Kontseiluaren arabera, inbertsio honek "lantegiaren industria sendotzen du". Zuzendaritzak eta gehiengo sindikalak (UGT eta CCOO) hitzarmenerako aurreakordioa sinatu ostean etorri da iragarpena.

Lantegia, artxiboko irudi batean.

Volkswagen Alemaniako automobilgintzako multinazionalak Landabenen prentsa berri baterako 52,5 milioi euro inbertituko dituela iragarri du, eta Iruñeko lantegiak bi modelo elektriko ekoitziko dituela baieztatu du.

Nafarroako Volkswagenen Administrazio Kontseiluak ostiral honetan egin du iragarpena, Christian Vollmer Landabengo lantegiko Administrazio Kontseiluko presidentea buru zela egindako bileraren ostean.

Ohar batean, konpainiak nabarmendu du inbertsio berri horrekin "elektrifikaziorako bidean beste urrats sendo bat" emango duela, "2026tik aurrera autohornikuntza bermatzen duena eta, beraz, plantaren industria-proiektua sendotzen duena".

Nafarroako Volkswageneko zuzendaritzak eta gehiengo sindikalak (UGT eta CCOO, 21 ordezkari, guztien % 67) hitzarmen kolektiboari buruzko aurreakordioa sinatu ostean etorri da iragarpena.