Itxi

Energia

Argindarrak 0 euro/MWh-ko prezioa izango du 18:00ak arte

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Haize eta euri denboralearen ondorioz, energia berriztagarrien ekoizpena handia izan da, eolikoarena bereziki, eta horri esker, prezioak behera egin du.

Energia eolikoa. Argazkia: EITB

Handizkako merkatuari lotutako tarifa arautuko bezeroen argindarrak 0 euro/MWh-ko prezioa izango du 18:00ak arte, baina megawatt-orduak batez beste 5,03 euroko prezioa izango du egunean zehar.

Hori horrela, urteko prezio minimoetan jarraitzen du argindarrak energia berriztagarrien (eolikoa eta hidraulikoa bereziki) ekoizpen handiari esker.

Gauerditik 18:00ak arte, argindarrak 0 euro/MWh-ko prezioa izango du, baina 25,02 euroraino igoko da 21:00etatik 22:00etara, Energiaren Merkatu Iberiarraren Operadoreak aurreratu duenez.

Azken egunotako denboraleek, haize gogorra eta euria ekartzeaz gain, energia berriztagarrien ekoizpena handitu dute, eolikoarena batez ere, eta horregatik egin dute prezioek behera.

Azaroan, argindarrak batez beste 4,25 euro/MWh-ko prezioa izan du orain arte, eta iazko hilabete berean 115 euroko prezioa izan zuen.