Itxi

Greba feminista

Gobernuek "zaintza eskubide gisa aitor dezaten" balio behar du A30eko grebak, ELAren arabera

EITB MEDIA

Sindikatuak zaintza sistema publikoa, unibertsala, doakoa, kalitatezkoa eta erantzukidea eskatzen du.

Emakume bat adineko pertsona bat zaintzen. Artxiboko irudia: EFE

Hego Euskal Herrian dauden 434 egoitzetatik 40 (% 9,2) baino ez dira kudeaketa publikokoak. Datuok eman ditu ELA sindikatuak, azaroaren 30erako deituta dagoen greba feministaren aurrean zaintzari buruz egindako txosten batean.

Mitxel Lakuntxa ELAko idazkari nagusiak aurkeztu du dokumentua astelehen honetan, eta zaintza emakumeen bizkar dagoela erakusten duela azaldu du, eta enpresa pribatuentzako negozio bihurtu dela

Lakuntzak nabarmendu duenez, "erakundeek aukeratu duten zaintza ereduak ez du zaintzarako eskubidea aitortzen, menpekotasun egoeran dauden gehienak uzten ditu artatu gabe, eta zerbitzuak enpresa pribatuen esku uzten dira, Euskal Herriko milaka emakumeren lan baldintzak prekarizatzearen kontura; emakume horietako asko migratuak izaten dira".

Horren aurrean, ELAko idazkari nagusiak borroka sindikalaren garrantzia azpimarratu du: "Adinekoen etxeetako eta etxez etxeko laguntzako sektoreetako grebek, kasu batzuetan urtebetetik gora luzatu direnek, zaintza ereduaren arazoak ikusaraztea lortu dute, eta lan baldintzak hobetzeko aukera eman dute".

Horregatik, ELAko idazkari nagusiak espero du azaroaren 30eko greba orokorrak erakundeak interpelatu behar dituela, "berebiziko garrantzia duen auzi politiko bat delako" eta zaintzak eskubide gisa aitortu behar direlako.

Era berean uste du bertan behera utzi behar dela zaintzen eremuan eta batik bat emakumeen gain dagoen enplegu prekarizatuarekin "negozioa egiten duen eredu pribatizatua".

Horregatik, ELAk defendatu du erantzukidetasunean oinarritutako eredu publiko, unibertsal, doako eta kalitatezkoa.