Itxi

Gobernantzaren aurrekontua

Eusko Jaurlaritzak iragarri du 17.000 lanpostu finkatuko dituela 2024rako

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Gainera, aldizka lan-eskaintza publikoak deituko dituela iragarri du. Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren aurrekontu-proiektua 166,6 milioi eurokoa da, aurtengoa baino 5,4 milioi txikiagoa.

Reunión del Departamento de Gobernanza Pública y Autogobierno del Gobierno Vasco. Foto: Irekia.

Eusko Jaurlaritzak asteazken honetan iragarri duenez, Administrazio Orokorrean 17.000 lanpostu finkatuko dira behin-behinekotasuna amaitzeko, eta, aldizka, lan-eskaintza publikoak deituko ditu Administrazio Orokorra modernizatzen jarraitzeko eta "belaunaldien arteko erreleboa modu iraunkorrean" lantzeko.

Hori horrela, Eusko Jaurlaritzak 2025erako lan-eskaintza publikoa deitzea aurreikusten du, Administrazio Orokorrerako ia 1.000 plaza esleitzeko, 2023ko eta 2024ko eskaintzak onartu ondoren.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Olatz Garamendik Eusko Legebiltzarrean aurkeztu ditu Sailak datorren ekitaldirako izango duen aurrekontu-proiektuaren funtsezko ildoak: 166,6 milioi euro izango dituzte, aurten baino 5,4 milioi gutxiago, Europako funtsak murriztu baitira.

Garamendik azaldu duenez, datorren urtearen amaieran amaituko da autonomia-erkidegoko sektore publikoan 17.000 plaza, horietatik 3.700 Administrazio Orokorrean, finkatzeko prozesua.

Gogorarazi du aurten enplegu publikoa egonkortzeko 138 hautaketa-prozesuri dagozkien probak amaitu direla, eta aurrera begira beste era batera egingo dituztela, behin-behinekotasun-tasa berriro % 8tik gora egon ez dadin.

Aurrekontu-proiektua

Sailburuak azaldu duenez, Sailaren aurrekontuaren % 61 baino gehiago Administrazioaren eraikin eta sistema informatikoen funtzionamendu-gastuak ordaintzeko da, eta % 21,5 bertan lan egiten duten 541 pertsonen gastuetarako.

Eusko Jaurlaritzak 3,7 milioi euro gastatuko ditu datorren urtean zibersegurtasun-neurriak hobetzeko, hau da, % 32 handituko du 2023an arlo horretan egindako inbertsioa.

Ardatz 2030

Gobernantza, Berrikuntza Publiko eta Gobernu Digitalaren Plan Estrategikoan jasotakoaren ildotik, berrikuntzaren, digitalizazioaren eta elkarreragingarritasunaren aldeko apustua indartuko dute, administrazio errazago eta eraginkorrago baterantz aurrera egiteko eta herritarrengandik gertuago egoteko, eguneko 24 orduetan, hainbat gailuren bidez.

Datorren urtean, NIK Patrika Digitala eta beste aplikazio batzuk hobetuko dira, eta erraztu egingo da, adibidez, eskura izatea familia ugariaren akreditazioa, Gazte Txartela, eta seme-alaben eta adinekoen OTIa, botikaren bat behar dutenean ez daitezen beraiek joan behar farmaziara.

Gastu orokorrak

Baliabide orokorren gastuetan (39,3 milioi euro), Jaurlaritzak partekatutako zerbitzuen kostuak jasotzen dira, hala nola energia-hornidura, garbiketa- eta mezularitza-zerbitzuak eta instalazioen eraginkortasuna eta erosotasuna hobetzeko inbertsioak.

Aurtengo aurrekontuan ez bezala, Garamendik esan du 2024rako ez dela aurreikusten energia-kostuen igoera "garrantzitsurik". "Gasaren (1,4 milioi) eta elektrizitatearen (4,3 milioi) kostuari dagokionez, datuak ez dira iazkoak baino kaskarragoak", azpimarratu du.

Nabarmentzekoa da erregai-gastuen partida % 40 jaitsi dela, 1,5 milioi eurotik 900 000 eurora, batez ere ibilgailuen eraldaketaren ondorioz, errekuntza-ibilgailuen ordez beste hibrido eta elektriko batzuk ari baitira erabiltzen.

Azkenik, Sailari atxikitako sozietate publikoetatik, Informatika Sailak (EJIE) 221,5 milioi euroko aurrekontua izango du, % 1,3 gehiago, eta Gobernantza Sailak 73,6 milioi jarri ditu aurrekontu horretarako. Gehikuntza hori, neurri batean, langileen gastua % 16 baino gehiago handitu delako gertatu da, plantillan 49 plaza gehiago baitaude, 2023ko ekitaldiko 57 ei gehitu behar zaizkienak.