Itxi

Pentsiodunak

Nafarroako pentsiodunek 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatu dute Iruñean

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Diotenez, Foru Gobernuaren 2024rako aurrekontuetan 14 ordainsaritan 1.080 eurora iristeko gutxieneko pentsioaren osagarri bat ezartzea "ez da ez ezinezkoa ez apartekoa".

Iruñean, pentsiodunen kontzentrazio baten irudia. @CoespeOficial-en artxiboko argazkia

Ehunka pertsona kalera atera dira larunbat honetan Iruñean, 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren aldeko manifestazioan, "AHORA 1.080 € ORAIN" Herri Ekimenaren deialdiari erantzunez. Ekimen hori hogei kolektibo sozial, feminista, pentsiodun, sindikal, kultural eta gaztek baino gehiagok osatzen dute.

Manifestariak Baluarteko plazan bildu dira, eta Iruñeko erdigunea zeharkatu dute Sarasate pasealekuko Foruen Monumenturaino. Zeramatzaten karteletan, besteak beste, honakoak irakur zitezkeen: "1.080 euro, gutxieneko pentsioa", "Orain, orain, 1.080 euro" eta "Guztiontzako pentsio duin baten alde. Greba Feminista Orokorra".

Parte-hartzaile askok txaleko berdeak zeramatzaten eta honako leloak ohiukatu dituzte: "1.080 baino gutxiagorekin ez zaizkigu kontuak aterazten", "Hemen, orain, 1.080 euro" eta "Enplegu duinak, pentsio justuak".

Martxa Sarasate pasealekura iritsi denean, ohar bat irakurri dute, eta manifestazioa babestu duten kolektiboek salaketa bat egin dute: "Gero eta gehiago dira gizartean diru-sarrera duin bat kobratzen ez duten sektoreak". 

Ildo horretan, esan dute 2024rako foru aurrekontuetan gutxieneko pentsioaren osagarri bat ezartzea, 14 ordainsaritan 1.080 eurora iristeko, ez dela "ez ezinezkoa, ezta apartekoa ere".

Neurri horrek, gaineratu dutenez, "pobreziaren atalasearekin gutxieneko pentsioa eguneratzeko bidean jarriko gintuzke, Europako Gutun Sozialak ezartzen dituen diru-sarreren nahikotasun-irizpideetan".

Manifestazioaren amaieran irakurritako manifestuaren arabera, Nafarroan 1.080 eurotik beherako pentsioa kobratzen duten hamar pertsonatik ia zazpi emakumeak dira, eta, horrela, "beste behin ere argi geratu da pentsioetan dagoen genero-arrakala ukaezina dela".

"Borroka hori Errenta Bermatua handitzeko eskaerarekin lotzen da, zailtasun ekonomikoak dituzten familiei gutxieneko diru-sarrerak bermatzeko", gaineratu dute.