Itxi

SIEMENS

Siemens Energyk laguntza publikoak jasoko ditu bermetan, proiektu handietarako

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Negoziazioetan parte hartu duten bankuek 12.000 milioi euroko laguntza emango dute bermetan maileguetarako, eta Alemaniako Gobernuak 7.500 milioi.

Siemens Energyren Zamudioko egoitza. Argazkia: EFE

Siemens Energy konpainiak proiektu handietarako 15.000 milioi euroko laguntza publikoak jasoko ditu, bermetan, astelehen honetan Handeslblat egunkari alemaniarrak jakitera eman duenez.

Asteazkenean aurkeztuko du 2023ko jardueraren balantzea Siemens Energyk, eta uste da orduan emango dituela laguntza publikoen inguruko xehetasunak. Albistea zabaldu orduko, gaur konpainiaren akzioen balioa % 4,6 igo da (9,82 euroraino) Frankfurteko Burtsan.

Zabaldutako informazioaren arabera, negoziazioetan parte hartu duten bankuek 12.000 milioi euroko laguntza emango dute bermetan maileguetarako, eta Alemaniako Gobernuak 7.500 milioi. 

Dena dela, operazio horiek Siemens Energyren ikuskapen kontseiluen oniritzia behar dute, aurrera egiteko.

Konpainia alemaniarrak hiru egoitza ditu EAEn (Zamudion, Asteasun eta Mungian) eta bi Nafarroan (Sarrigurenen eta Arazurin); orotara, 2.800 langile baino gehiago ditu Hego Euskal Herrian.

Joan den urrian, Siemens Energyk azaldu zuen "lehendabiziko elkarrizketak" izan zituela bankuekin eta Alemaniako Gobernuarekin, besteak beste, proiektuen garapena errazteko behar dituen bermeak eskuratu ahal izateko.