Itxi

emaitzak

Siemens Energyk 4.588 milioi euro galdu ditu 2023an, Siemens Gamesaren "zartako larria" tarteko

E. G. | EITB Media

Leer en Castellano

Konpainiaren ustez, filial eolikoak ez dio 2026ra arte egoerari buelta emango. Bestalde, Espainiako Gobernuak bart baieztatu du bankuekin "berme lerro bat" negoziatzen ari dela Gamesaren "jarduna babesteko". Enpresa eolikoak arazo tekniko larriak izan ditu lurreko plataformen turbinekin.

Siemens Gamesak Zamudion duen egoitza. Argazkia: EITB Media

Siemens Energy multinazionalak ia 4.600 milioi euroko galerak izan ditu 2023ko urte fiskalean (urritik urrira doa), Siemens Gamesa filial eolikoak "ustekabean" jasandako "zartako larria" tarteko. Konpainiak ohar bidez jakinarazi ditu emaitzak, eta galerak aurreko urtekoen halako bost izan direla zehaztu du (2022ko urte fiskala 940 milioi galduta itxi zuen taldeak). 

Alemaniako konpainiak hilabeteak daramatza aire sorgailuen negozioak eragindako galerak pairatzen. Lurreko plataformen (X.4 eta X.5 modeloak) turbinetan izandako matxuren ondorioz, hainbat eskaera bertan behera utzi behar izan dituzte eta kalte-ordainak pagatu atzerapenengatik. 

"Testuinguru zail" horri aurre egiteko, akordioa itxi berri du multinazionalak Alemaniako Gobernuarekin eta bertako banketxeekin, eta 15.000 milioi euroko laguntza publikoak jasoko ditu, bermetan, proiektu handietarako. 

Ildo beretik, Espainiako Gobernuak bart baieztatu du bankuekin "berme lerro bat" negoziatzen ari dela, Siemens Gamesaren kontratu berrietarako dirutza lortze aldera. "Siemens Gamesaren etorkizuna lehentasuna da Gobernuarentzat", azaldu dute Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioko iturriek. Hector Gomezek zuzentzen duen Ministerioa "enpresarekin eta interesa izan dezaketen banketxeekin hitz egiten ari da", zehaztu du. 

Berme horiek gorabehera, Siemens Energyk ez du uste aire sorgailuen filialak berehalakoan emango dionik buelta egoerari, eta 2026ra arte zenbaki gorriekin egongo dela aurreikusi du. Dena dela, taldeak jakinarazi du zehaztu dituela Siemens Gamesaren "kalitate arazoak" eta horiek konpontzeko "neurri zuzentzaileak" martxan jarri dituela. 

Christian Bruch multinazionalaren presidente eta kontseilari delegatuaren esanetan, "aurrekaririk gabeko erronkaz betetako" urtebeteren ostean, taldeak "agerian utzi du egoerari buelta eman ahal diola. Negozio guztiek, eolikoa kenduta, urteko helburuak bete edo gainditu dituzte". Hori horrela, salmentek % 9,9 egin dute gora, 31.100 milioi eurora arte, Siemens Gamesaren datuak kenduta. 

Hala, 2024rako galtzeari utziko diola aurreikusi du Siemens Energyk, eta etekin garbia 1.000 milioi eurokoa izango dela. 

Eusko Jaurlaritza, Siemens Gamesari laguntzeko prest

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak adierazi du Eusko Jaurlaritza prest dagoela Siemens Gamesari laguntzeko, ahal duen neurrian, enpresak hala eskatzen.

Gasteizen emandako prentsaurreko batean gai horri buruz galdetuta, Azpiazuk onartu du Jaurlaritza "kezkatuta" dagoela enpresa horren egoerarekin, Euskadirentzat jarduera ekonomiko garrantzitsua delako eta enpleguan eragina izan dezakeelako.