Lan gatazka
Bizkaiko kiroldegietako langileek lanuzteak egingo dituzte abenduaren 11n eta 12an
Olatz Prat | EITB Media
Lan hitzarmena eguneratzeko patronalaren proposamena "langileen aldarrikapenetatik urrun" dagoela salatu dute, eta erantsi dute Cebekek ez diela euren eskaerei jaramonik egiten.
Bizkaiko kiroldegietako langileek, Negoziazio Mahaiko sindikatu guztiek deituta (ELAk, UGTk, LABek eta CCOOk), elkarretaratzea egin dute gaur hitzarmen berrian hobekuntzak eskatzeko, eta lanuzteak iragarri dituzte abenduaren 11 eta 12rako, 09:30etik 11:30era eta 17:30etik 19:30era.
Izan ere, hamaika hilabete badaramatzate ere hitzarmen berria negoziatzen, salatzen dute "patronalak planteatzen duen eskaintza langileen aldarrikapenetatik urrun" dagoela. Haien hitzetan, proposamen horrek ez du langileen erosteko ahalmena bermatzen, langileek eskatutako 35 orduko lanaldia ere ez du jasotzen (ordu gehiagokoa baizik) eta langileek egindako gainerako "eskaerei ez zaie jaramonik egin".
Bizkaiko sektore horretan 2.000 bat pertsonak lan egiten dutela gogorarazi dute, gehienek udal kiroldegietan, baina baita klubetan, kiroletan, golfean eta abarretan ere, eta, nabarmendu dutenez "horiek guztiek merezi dute lan baldintzak hobetzea, are gehiago hitzarmen berrian islatu behar den Kirolaren Lege berria kontuan hartuta".
Ez da Bizkaiko kiroldegietako langileek egingo duten lehen protestaldia, izan ere, 2019-2020 urteetan ere mobilizazio ugari egin zitueten. Orduan, hilabeteetako borrokaren ostean, 2020ko otsailean sinatu zuten lan hitzarmenaren aurreakordioa Cebek patronalak eta ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek, eta Kirol Lokalen eta Zelaien probintziako hitzarmen kolektiboaren akordioa sinatu zuten urte bereko uztailean. Hitzarmen horrek 2022ko abendura arteko indarraldia zuen, eta, hain zuzen ere, hitzarmen horren eguneratzea negoziatzen dihardute ordutik hona.