Itxi

bankuak

Kutxanbakek hipoteka gastuak itzuli beharko ditu, baina erakundeak dio 2019tik jada egiten duela

EITB Media

Leer en Castellano

Kutxabankek adierazi du 2019an Auzitegi Gorenak epaia kaleratu zuenetik ari direla bidegabe kobratutako hipoteka gastuak bezeroei itzultzen.

Kutxabankek Bilbon duen egoitza. EFE

Kutxabankek dirua itzuliko die, 2019a baino lehen, hipoteka erregistratzeagatik ordaindu zuten bezeroei, betiere horiek ordainketen egiaztagiriak eta fakturak aurkezten badituzte. Hala iragarri du EKA Euskadiko Kontsumitzaileen Elkarteak ohar bidez. Erabakia kontsumitzaile elkarteak judizioz kanpoko erreklamazio bat tarteko hartu du finantza erakundeak, eta orain arte ez bezala, bezeroek ez dute epaitegietara jo beharko. 

Auzitegi Gorenak, 2019ko urtarrilean ebatzitako epaiaren bidez, doktrina ezarri zuen. Horren arabera, hipoteka bat egitean sortutako gastuak bezeroek eta bankuek banatu behar dituzte. Zehazki, hipoteka erregistratzeagatik sortutako gastuak finantza erakundeak ordaindu behar zituela ebatzi zuen eta, ordura arte, Kutxabanken kasuan, bezeroei zegokien.

Elkarteak azaldu duenez, EKAk aurkeztutako judizioz kanpoko erreklamazio baten emaitza da. Orain arte, kaltetutako bezeroek banakako demandak aurkeztu behar zituzten epaitegietan. Aurrerantzean, horren arabera, "formalizazio-gastuen kasuan bakarrik aurkeztu beharko dituzte fakturak; jarreren erreklamazioen kasuan, aldiz, nahikoa izango da ordainagiriak aurkeztea".

Nolanahi ere, hipoteka gastuen erreklamazioa urtea amaitu aurretik egiteko gomendatu die kaltetuei, 2024ko urtarrilean kasua preskribatu egin daitekeelakoan (orduan betetzen baitira bost urte Auzitegi Gorenak epaia eman zuenetik).

Euskadiko Kontsumitzaileen Elkarteak "garaipentzat" jo du gertaturikoa, horren esanetan, ez baitie Kutxabanken bezeroei bakarrik mesede egiten, eta "EAEko kontsumitzaileen eskubideak babesteko ekintza kolektiboen garrantzia" nabarmendu du. 

Berea aldetik, Kutxabankek ziurtatu du 2019an Auzitegi Gorenak epaia kaleratu zuenetik ari direla bezeroei dagokiena itzultzen.