lan ezbeharrak
Bi behargin hil dira lan istripuz Nafarroan 24 orduan
EITB MEDIA
51 urteko altsasuar bat zendu da gaur Etxarri Aranatzeko Omnia enpresan, makina batek harrapatuta. Atzo, beste behargin bat hil zen Cintruenigon, 15 metroko altueratik jausita.
Altsasuko 51 urteko bizilagun bat hil da, makina batek harrapatuta, Etxarri Aranatzeko metalurgia enpresa batean gertatu den lan istripuan.
Foruzaingoak jakitera eman duenez, 06:50ean gertatu da ezbeharra, Etxarri Aranatzeko industrialdean dagoen enpresa batean.
Ikertzen ari diren arrazoiak tarteko, makina batek harrapatu du behargina.
Istripuaren berri izan dutenean, foruzainak, suhiltzaileak eta anbulantzia bat bertaratu dira, baina ezin izan dute ezer egin langilea onik ateratzeko.
Langile baten heriotza Cintruenigon
54 urteko Cintruenigoko bizilagun bat zendu zen atzo goizean, lan istripuan, industria nabe baten teilatutik erorita —15 metro inguruko altuera—, aipatu udalerriko industrialdean.
Gobernuak bi istripuok deitoratu ditu
Foru Gobernuak asteon Nafarroan gertatu diren bi istripuok deitoratu ditu, "faktore asko" uztartzen diruen arazo bat dela iritzita, eta lan istripuekin "kezkatuta eta ardura hartuta" daudela erantsita.
Gobernu saioaren osteko agerraldian, Amparo Lopez bozeramaileak "doluminak" eman dizkie hildako bi beharginen senitartekoei.
Halaber, gogorarazi du gisa horretako ezbehar kopuruak zerikusi zuzena duela garapen ekonomikoarekin, eta "dugun langile kopuruarekin". Sektore batzuetan arriskua are handiagoa da, industrian eta eraikuntzan kasu. Hain zuzen ere, eraikuntzarekin lotutako bi lantokitan gertatu dira Cintruenigoko eta Etxarri Aranatzeko istripuak.
Horren aurrean, sailburuak ziurtatu du neurri zehatzak hartzen ari direla, eta sektore horiek sendotuko dituztela, aurrekontu handiagoa emanda.
Bestalde, LAB sindikatuak mobilizazioa deitu du biharko Altsasun, gaur goizean Etxarri Aranatzeko Armaduras Omnian izan den istripua salatzeko.
¿ Bihar, azaroaren 29an, mobilizazioa egingo dugu Altsasuko Iortia plazan 19:00etan, gaur goizean gertatu den Etxarri Aranazko Armaduras Omnia enpresako langilearen heriotza salatzeko #prekaritateahiltzailea
— LAB SINDIKATUA (@LABsindikatua) November 28, 2023
¿https://t.co/O0RowiyOvx pic.twitter.com/J5odgjtN2O