2024ko pentsioak
Batez besteko pentsioak 55 bat euro igoko dira EAEn eta 51 euro Nafarroan, 2024an
E. G. | EITB Media
Hala, 1.484 euro beharrean, 1.540 euro poltsikoratuko dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako pentsiodunek. Foru Erkidegoan, egungo 1.375 eurotik 1.426 eurora pasatuko dira. Azaroko KPI aurreratuaren arabera egin da kalkulua, baina behin betiko datuarekin baieztatu beharko da.
Kotizazio bidezko pentsioak % 3,67 haziko dira 2024an Hego Euskal Herrian eta, beraz, EAEko batez besteko pentsioa 55,8 bat euro igoko da eta Nafarroakoa, 51,7 euro.
Hori horrela, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako pentsiodunak 1.484 euro kobratzetik, 1.540 euro poltsikoratzera pasatuko lirateke. Foru Erkidegoan, 1.426 euro jasoko dituzte datorren urtean, aurtengo 1.375 euroren ordez.
Gutxieneko pentsioak eta kotizaziorik gabeko pentsioak are gehiago igoko dira (% 6tik gorako hazkundea aipatu da), baina Espainiako Gizarte Segurantzako Ministerioak ez du portzentaje zehatza jakinarazi.
Espainiako Estatistika Institutuak (INE) azaroko KPI aurreratua kaleratu du gaur, eta horren arabera egin da kalkulua. Dena dela, behin betiko datuarekin baieztatu beharko da igoera (abenduaren 14an ezagutuko da datua). 2021eko pentsioen erreformaren arabera, pentsioen urteroko eguneratzea azaroko inflazio datuaren arabera zehaztu behar da, aurreko 12 hilabeteetako urte arteko tasen batezbestekoarekin.