2024ko EAE-ko AURREKONTUAK
EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztuko dio Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuari
AGENTZIAK | EITB Media
EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak salatu duenez, ez dio erantzuten "Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan abian dagoen ziklo aldaketari". Bestalde, Nerea Kortajarenak adierazi du ez duela inolako anbiziorik EH Bilduren lehendakarigai izateko.
EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu dio Eusko Jaurlaritzaren 2024rako aurrekontu proiektuari, "ez diolako erantzuten momentu historiko honetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan abian dagoen ziklo aldaketari".
Nerea Kortajarena EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak azaldu duenez, "trantsizio handien garai batean bizi gara, eraldaketa prozesu handiak gertatzen ari dira (energetikoa, demografikoa, teknologikoa) eta horregatik "aurrekontuak aldaketa horiei begira ipini behar genituen, begirada estrategiko horrekin".
"Gaur inork ez du zalantzan jartzen ziklo aldaketa batean gaudela, eta, beraz, ziklo aldaketa baterako aurrekontuak behar genituen; jauzi kualitatibo bat emateko eta politika publikoak berrantolatzeko balio beharko zuten", gaineratu du.
Horren ordez, "anbiziorik gabeko aurrekontu batzuk aurkeztuz, betikoa egiten jarraitzea proposatzea" aurpegiratu dio EAJk eta PSE-EEk osatutako koalizio gobernuari.
Halaber, aurrekontuak negoziatzeari "uko egitea" ere leporatu dio EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari. "Argi dago Gobernuak ez duela akordio bat nahi izan, elkarrizketak hasi ere egin gabe bukatutzat eman zituelako".
Hori guztia dela eta, koalizio subiranistak osoko zuzenketa aurkeztuko die EAEko aurrekontuei. Horrekin batera, 181 milioi euroren balioa duten 61 zuzenketa partzial aurkeztuko ditu eta beste hiru zuzenketa egingo dizkio Aurrekontuen Legearen artikulatuari.
Gauzak horrela, oposizioko talde guztiek egingo dute Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontu proiektuaren aurka.
EH Bilduk "antsietaterik gabe eta lasaitasun handiz" helduko dio lehendakarigaiaren hautaketari
Bestalde, Nerea Kortajarenak nabarmendu du berak ez duela EH Bilduren lehendakarigai izateko inolako anbiziorik, eta, "militante politiko gisa", alderdiak bere ekarpena baliotsuagoa izango dela uste duen tokian egongo dela. Edozein kasutan, azpimarratu du koalizio subiranistak "antsietaterik gabe eta lasaitasun handiz" helduko diola lehendakarigaia hautatzeko prozesuari.