Greba EAE-ko itunpekoetan
Gizarte ekimeneko ikastetxeetan datorren asterako deituta dagoen greban parte hartzeko deia egin dute
Agentziak | EITB Media
ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek bost greba egun deitu dituzte lan hitzarmen berria galdegiteko. Atzo Hezkuntza Sailarekin bildu ziren sindikatuak, eta Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalekin sortutako gatazkan esku hartzeko eskatu zioten.
ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek EAEko gizarte ekimeneko ikastetxeetan (itunpeko sarea) datorren asterako deituta dauden bost greba egunetan parte hartzeko deia egin diete langileei, lan hitzarmen berriaren alde.
Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalekin negoziazioa ez atzera ez aurrera dagoela, Hezkuntza Saileko arduradunekin bildu ziren atzo sindikatuak, baina ez zuten aurrerapenik lortu.
Hori horrela, datorren asteko greba berretsi eta antolatuta dauden mobilizazioen berri eman dute gaur sindikatuek, ohar bidez. Bost egunetatik hirutan manifestazioak daude deituta EAEko hiru hiriburuetan, eta abenduaren 13an eta 15ean Bilbon egingo dute protesta, Eusko Jaurlaritzak Kale Nagusian duen egoitzaren parean.
Lehen egunean, abenduaren 11n, 11:30ean abiatuko dira martxak Bilboko Eskolapios ikastetxetik, Donostiako Aldapeta Maria eskolatik eta Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazatik. Aurrez, piketeak eta mobilizazioak daude antolatuta hiru lurraldeetan, ELAk ohar batean zehaztu duenez.
Esan bezala, Jokin Bildarratz buru duen Saileko arduradunekin bildu ziren atzo sindikatuak. Sailari gatazkan esku hartzeko eskatu zioten batzarrean: "Hezkuntza Sailak badu erantzukizuna itunpeko ikastetxeetan dagoen finantzazio iturrien gardentasuna kontrolatzeko orduan, baita langileen lan baldintzak bermatzeko ere". Hezkuntza Sailak, bere aldetik, hitzarmen berria negoziatzea sindikatuei eta patronalei dagokiela nabarmendu du.
Beharginen ordezkariek gogorarazi dutenez, irakasleek hiru greba egun egin zituzten urrian, eta berretsi dute ez dutela nahi gatazka gehiago sakontzea (aurreko hitzarmena sinatu aurretik 29 lanuzte egin zituzten beharginek).