GREBA EAE-KO ITUNPEKOETAN
Gizarte ekimeneko ikastetxeetan deitutako grebak % 70eko jarraipena izan du, sindikatuen arabera
Agentziak | EITB Media
Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak ohartarazi du grebaren ondorioak "oso kaltegarriak" izan daitezkeela ikasleentzat. Testuinguru horretan, bi aldeei dei egin die elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez adostasunak lortzeko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Astelehen honetan ekin diote Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte ekimeneko ikastetxeetan bost eguneko grebaren lehenari. Itunpeko sareko 9.000 langile baino gehiago daude greban parte hartzera deituta ostiralera arte, hitzarmenaren negoziazioa eskatzeko.
Sindikatu deitzaileek ohar bateratu batean azaldu dutenez (ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT), grebaren jarraipena % 70 ingurukoa izan da, eta apirilaren 25ekoak eta urriko hiru egunek izandako jarraipena gainditu du.
Aipaturiko sindikatuek nabarmendu dutenez, azaroaren 27ko bilerara Kristau Eskolak eta AICE-IZEA patronalak ez zuten "inolako proposamenik ekarri". Halaber, abenduaren 5ean Hezkuntza Sailarekin egindako batzarra ere "aurrerapausorik gabe" amaitu zen. Gauzak horrela, proposamenak mahai gainean jartzeko eskatu diete patronalei eta Hezkuntza Sailari, ostera, gatazkaren irtenbidean esku hartzeko. Halaber, azpimarratu dute mahai gainean proposamenak jarriz gero greba "berehala" bertan behera uzteko borondatea dutela.
ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek EAEko gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileei (itunpeko sarea) eskatu die grebara bat egiteko; izan ere, Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalekin negoziazioa ez atzera ez aurrera dago.
Gatazka honen inguruan galdetu diote gaur goizean Euskadi Irratian Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuari, eta ohartarazi duenez grebaren ondorioak "oso kaltegarriak" izan daitezke ikasleentzat. Bildarratzek uste du gatazkak konpontzeko "formula bakarra" dagoela, "hitz egitea, negoziatzea eta adostea". Hala, sailburuak bi aldeei dei egin die elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez adostasunak lortzeko.
Lehen egun honetan, manifestazioak egin dituzte EAEko hiru hiriburuetan: Bilboko Eskolapioak ikastetxetik, Donostiako Aldapeta Maria eskolatik eta Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazatik. Abenduaren 13an eta 15ean Bilbon egingo dute protesta, Eusko Jaurlaritzak Kale Nagusian duen egoitzaren parean.
Jokin Bildarratz buru duen Saileko arduradunekin bildu ziren sindikatuak. Sailari gatazkan esku hartzeko eskatu zioten batzarrean. Hezkuntza Sailak, bere aldetik, hitzarmen berria negoziatzea sindikatuei eta patronalei dagokiela nabarmendu du.
Beharginen ordezkariek gogorarazi dutenez, irakasleek hiru greba egun egin zituzten urrian, eta berretsi dute ez dutela nahi gatazka gehiago sakontzea (aurreko hitzarmena sinatu aurretik 29 lanuzte egin zituzten beharginek).
Kristau Eskolak "lanpostuei eusteko" bideak bilatu nahi dituela azpimarratu du
Kristau Eskolak "lehentasunezkotzat" jo du lanpostuak mantentzearen eta ikastetxeen iraunkortasunaren alde lanean jarraitzea, eta azpimarratu du sindikatuek ez dutela "elkarrizketarako proposamen-jarrerarik" izan hitzarmen berriaren negoziazio kolektiboko prozesuan.
Ohar batean, gizarte-ekimeneko ikastetxe itunduetako patronalak adierazi duenez, "langile-multzoaren baldintzak hobetzearen aldeko apustua hezkuntza-komunitateko sektore guztietara zabaldutako igoera bakoitzean gauzatu da, eta, gainera, funtzio publikoaren igoera aplikatu da, azken hori, gainera, zentro bakoitzeko erakunde titularraren kontura".
Kristau Eskolak adierazi duenez, "desadostasunak dauden alderdietan adostasuna lortzen saiatzeko prozedura" negoziaziotzat hartu izan du beti, "desberdintasunak konponduz" aldeentzat hitzarmen "egokia" lor dadin.
Hala ere, deitoratu du sindikatuen aldarrikapen guztien aurrean "jarrera gaindiezina" aurkitu duela: "Mobilizazioa eta grebarako deia izan dira ia gertuko mugimendu bakarrak".
Ildo horretan, berriro adierazi du "hitzarmen-mahaian esertzen jarraitu nahi duela akordio batera iritsi arte". Hori dela eta, gogoratu duenez, hainbat lan-bilera egin ditu, eta oraindik ere prest dago "lanean eta negoziatzen jarraitzeko".
Patronalak azpimarratu nahi izan du beharrezkoa dela jaiotza-tasaren beherakadak matrikulazio-aldian izango dituen ondorioak akordio horietan jasotzea berriro, "ikastetxe guztiei ezarriko zaien errealitatea delako hori", gaineratu du.
Hala, nabarmendu duenez, Kristau Eskola "lanean ari da, dagoeneko, lanpostuei eustea eta ikastetxeen jasangarritasuna bermatuko dituzten alternatibak eratzeko, bi helburuak banaezinak baitira".