Itxi

Behin behineko akordioa

Argindarraren merkatua arautzeko akordioa adostu du EBk, erregai fosiletatik aldenduta

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

"Itunari esker, merkatuak epe luzean egonkortu, energia iturri berriztagarrien hedapena bizkortu, argindar merkeagoa eskaini eta lehiakortasun industriala hobetu ahal izango dugu", esan du Espainiako Trantsizio Ekologikorako ministro Teresa Riberak.

Tentsio handiko kableak. Argazkia: EFE

Argindarraren merkatua arautzeko akordioa adostu dute Europako Kontseiluak eta Parlamentuak goizaldean. Horri esker, argindarraren prezioak ez dira horren aldakorrak izango, ez baitira erregai fosilen salneurrien menpe egongo. Itunak ekar lezake, beraz, argindarraren prezioak igoera gutxiago izatea, eta energia berriztagarrien hedapena arintzea.

"Itunari esker, merkatuak epe luzean egonkortu, energia iturri berriztagarrien hedapena bizkortu, argindar merkeagoa eskaini eta lehiakortasun industriala hobetu ahal izango dugu", esan du Espainiako Trantsizio Ekologikorako ministro Teresa Riberak.

EBk argindarraren merkatua arautzeko egin nahi duen erreformaren parte bat da aipatu proposamena. Horrek ekar lezake, halaber, energia enpresa handiek egiten dituzten manipulazioak eragoztea, eta gertatzen badira zigorrak handitzea. Horrekin lotuta beste akordio bat egin zuten iragan azaroaren 16an.

Behin behineko itun hau ez dute oraindik legezko egin, baina aurreratu dute EBko Estatuei aukera emango diela energia berriztagarrien ekoizpena soilik bultzatzeko, baldintzak betetzen direnean, noski.