2024RAKO AURREIKUSPENAK
Euskal ekonomiaren hazkundea aurreikusitakoa baino txikiagoa izango dela dio Laboral Kutxak
EITB MEDIA
Izan ere, hazkunde hori %1,4koa izango dutela adierazi dute gaur, aurreikusitakoa baino hiru hamarren gutxiago. Horrez gain, enpleguak % 1,1 gora egitea espero du entitateak.
Euskal ekonomiaren hazkundea aurreikusitakoa baino txikiagoa izatea aurreikusten du Laboral Kutxak 2024. urterako. Entitatearen ustez, hazkunde hori % 1,4koa izango da, aurreikusitakoa baino hiru hamarren gutxiago, interes-tasen igoeraren eraginez. Horrez gain, enpleguaren % 1,1eko gorakada espero du Laboral Kutxak. Industria-sektoreak hobera egin dezakeela espero dute.
Aurreikuspen horiek Bilbon aurkeztu dituzte Joseba Madariaga Laboral Kutxako Azterlan Departamentuko zuzendariak eta Ibon Urgoiti Negozio Garapeneko zuzendariak.
Azpimarratu dutenez, 2023ko itxierak, Euskadin, Nafarroan eta Estatu osoan "hobekuntza txiki bat" izango du aurreikuspenekiko. 2024an "moteltze" leun bat espero da, "ziurgabetasun handi" batek markatutako testuinguruan, batez ere egoera geopolitikoak eraginda.
Estatuan, Euskadin eta Nafarroan, hazkunde ekonomikoa sostengatzen ari diren lan-merkatuaren, kontsumoaren eta zerbitzuen indarra ere nabarmendu dute.
Hala, 2023an BPGaren hazkundea % 1,7koa izango dela espero da, bai Euskadin bai Nafarroan. Estatuan, berriz, % 2,4koa izango dela uste dute.
Euskadin, 2024an enplegua % 1,1 haziko dela aurreikusi du erakundeak, eta 2023an % 1,4ko hazkundearekin itxiko dela. Horrez gain, inflazio-zifrek "amore eman" dutela adierazi dute, baina banku zentralek "nahi duten % 2,2tik urrun".