Itxi

GARRAIO PUBLIKOA

Deskontu progresiboak aplikatu nahi dituzte EAEko garraio publikoaren tarifa-sistema berrian

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Gaur, Jaurlaritzak eta hiru foru aldundiek bilera egin dute EAEko garraio publikorako tarifa-sistema bakarra bultzatzeko. Deskontuak ezarri nahi dituzte, eta transbordoak Euskadi osoan doakoak izatea.

Autobus bat Gasteizen. Argazkia: EITB Media

EAEko garraio publikorako tarifa-sistema bakarra bultzatzeko bilera egin dute gaur Eusko Jaurlaritzak eta hiru Foru Aldundiek. Garrio publikoa erabiltzeagatik deskontuak ezarri nahi dituzte sistema horretan, Lege berriak ezartzen duen bezala. 

Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua Jon Nogales, Sonia Perez eta Azahara Dominguez Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Mugikortasun eta Garraio arloetako foru diputatuekin bildu da gaur. Azaroan, Legebiltzarrak Mugikortasun Iraunkorraren Legea onartu ondoren, hiru lurraldeetan eman behar diren urratsak aztertzea izan da bileraren helburua.

Lege horrek Euskadi osorako tarifa-sistema bakarra sustatzeko agindua ematen du, garraio publikoaren erabilera eta irisgarritasuna errazteko, erabiltzaileen erabilera-maila eta maila sozioekonomikoa kontuan hartuta.

Proposamenak garraio publikoaren erabileraren araberako deskontu progresiboen sistema komun bat jasotzen du, erabiltzaileen ezaugarri sozioekonomikoak eta zeharkatzen dituzten eremuak kontuan hartuta, baita kolektibo bereziak ere, hala nola familia ugariak, gazteak, adinekoak edota ezgaitasunak dituzten pertsonak, besteak beste. Horietako batzuetan doakotasuneraino irits daiteke erabilera handieneko tarteetan.

Proposamenak aurreikusten du, halaber, transbordoak doakoak izatea Euskadi osoan. Dagoeneko hori Gipuzkoan gertatzen da Mugi txartelaren bidez, eta Bizkaiak Bizkaibusetan ezarriko du datorren urtean.

Arriola sailburuak Foru Aldundiek erakutsitako jarrera baloratu du, eta lortu nahi den sistema bidezkoena dela adierazi du, "garraio publikoaren erabilera intentsiboa saritzen duelako eta errenta txikiena duten pertsonen sarbidea hobetzen duelako, baita premia bereziak dituzten kolektiboena ere, hala nola gazteak, adinekoak, familia ugariak edo desgaitasuna duten pertsonak".