greba itunpekoetan
Kristau Eskolak lan hitzarmen "errealista" bat adosteko deia egin die sindikatuei, "ardura" eskatuta
EITB MEDIA
EAEko gizarte ekimeneko ikastetxeetan deitu dituzten 10 greba egunen aurrean, sektoreko patronal nagusiak deitoratu du sindikatuek "grebaren estrategiaren" alde egitea, eta kezka agertu du lanuzteek matrikulazio kanpainan izan dezaketen eragina dela eta.
EAEko gizarte ekimeneko ikastetxeetan urtarrilerako eta otsailerako deituta dauden 10 greba egunak direla eta, sektoreko patronal nagusiak, Kristau Eskolak, esan du "eutsi" egiten diola sareko eskola mantentzea bermatuko duen hitzarmen "bideragarri eta errealista" bat adosteari.
Ohar bidez, Kristau Eskolak adierazi duenez, greba deialdia errespetatzen badu ere, sindikatuek lehenetsitako estrategia deitoratu du, eta "erantzukizuna eta ardura" eskatu die sindikatu deitzaileei (ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT) aldeen arteko akordio bat negoziatzen jarraitzeko. Halaber, ukatu egin ditu negoziazio-mahaiaren deialdi-ezari buruz sindikatuek egindako adierazpenak. Izan ere, gogorarazi duenez, hitzarmen-mahaiaren azken bileran lanean jarraitzeko beharra azpimarratu zuela patronalak, eta lan-egutegiarekin aurrera egitea proposatu, adostutako konponbide posibleak elkarrekin bilatzen jarraitzeko bilerak burutzeko asmoz.
Kristau Eskolaren ustez, sindikatuen lan-aldarrikapenak "ikasgeletaraino helarazteak ikasleen hezkuntzarako eskubidean eragin negatiboa du, eta familia-kontziliazioan zailtasun gehiago eranste dizkie".
Horrez gain, "kezka" agertu du aurreikusitako lanuzte-egutegiaren diseinuak dakartzan "eraginengatik"; egutegi horretan "grebalarien interesak ikasleen eta haien familien interesen gainetik agerian gelditzen dira", kritikatu du. Horren ildotik, gogorarazi du grebek 2024-2025 ikasturte berrirako matrikulazio kanpainarekin bat egingo dutela, eta egoera horrek ikastetxeei eta beraien plantillei "kezka" gehitzen diola. Izan ere, jaiotza-tasa baxuaren ondorioz, hezkuntza-sistema osoan matrikulazio-kopurua etengabe jaisten ari da.
Patronalak emandako datuen arabera, hau hezkuntzako matrikulazioetan jaitsiera ari da pilatzen 2012tik, eta joan den ikasturtean 20.000 matrikula baino gehiago galdu direla kalkulatu zutela.
Azkenik, Kristau Eskolak garrantzitsutzat jo du, lan-gatazka egoera honetan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren parte hartzea. Are gehiago orain dela gutxi onartu den Hezkuntzaren Euskal Lege berriaren aurrean.
Gizarte ekimeneko ikastetxeak EAEko hezkuntza sistemaren % 47 dira, eta guztira, 122 zentro daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gaur egun 7.000 langile ditu eta 110.000 ikasle.