Itxi

Autobideak

Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako autobideetako bidesariak % 2,5 eta % 4 artean garestitu dira

A.A.E. | EITB Media

2024an ibilgailu arinek 6,50 euro ordaintzen dute Gasteiz eta Bilbo arteko zatia, iaz baino 25 zentimo gehiago. Bilbo eta Donostia artekoa 13,02 eurokoa da, 32 zentimo gehiago, eta Donostia eta Gasteiz arteko bidesaria 15,84 eurotan dago, 39 zentimo garestiago.

Zarauzko ordainlekua. Argazkia: EITB Media.

AP-68, AP-8 eta AP-1 autobideetako bidesarien prezioa zentimo batzuk igo da urte berria sartzearekin batera.

AP-68 autobideko prezioak % 4 inguru igo dira ibilgailu arinentzat. Horrela, Gasteiz eta Bilbo arteko tartea 25 zentimo gehiago ordaindu behar da gaur, hau da, 6,25 eurotik 6,50 eurora pasa da.

Laudio eta Bilbo arteko ibilbidea, berriz, 10 zentimo garestitu da, eta 2,30 eurotik eta 2,40 eurora igo da.

Bilbo-Zaragoza AP-68 bidea kudeatzen duen enpresak ezarri ditu prezio berriak. Enpresa honek 2026ra arteko kontratua du. Urte horretan, Bizkaiko eta Arabako Aldundiek autobidearen ardura hartuko dute, bakoitzak bere lurraldean, eta bidesariarekin zer egingo duten erabaki beharko dute. Arabako kasuan, Batzar Nagusietan batzorde bat sortzea aurreikusten da, gaiaren gainean eztabaidatzeko.

Bestalde, Aldundiek kudeatzen dituzten AP-8 eta AP-1 autobideen kasuan, prezioak % 2,5 inguru igo dira. Horrela, AP-8an, Bilbo eta Donostia arteko bidesariak 2023an baino 32 zentimo gehiago balio du, hau da, 12,70 eurotik 13,02 eurora pasa da.

Bide horretan bertan, Bilbo eta Eibar arteko zatia, adibidez, 6,05 eurotik 6,23 eurora igaro da.

Azkenik, gidari batek Donostiatik Gasteizera (edo alderantziz) AP-1 eta AP-8 autobideetatik barrena joatea erabakitzen badu, bidesaria 39 zentimo gehiago ordaindu beharko du; 15,84 euro kostako zaio, 2023ko 15,45 euroen aldean.

AP-1ean bertan, adibidez, Gasteiz eta Eibar arteko zatiak 9,36 euroko kostua dauka aurten; iaz 9,11 eurokoa zen.


Horiek guztiak ibilgailu arinentzako tarifa orokorrak dira, aldundiek ohiko bidaiariei egiten dizkieten deskontuak kontuan hartu gabe. Tarifa guztien taula osoak Bidegi, Interbiak, Arabako Bideak-Vías de Alava eta Autopistas de Abertis enpresen webguneetan daude.