GARRAIO PUBLIKOA
Garraio publikoko erabiltzaileek % 50eko deskontua izaten jarraituko dute, baina Bizkaian otsailetik aurrera
EITB MEDIA
Bizkaiko Garraio Partzuergoa eta Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza ostegun honetan bildu dira % 50eko deskontua onartzeko, EAJk eta PSEk horrela adostu ondoren.
Garraio publikoko erabiltzaileek % 50eko deskontua izaten jarraituko dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Dena dela, Bizkaian gaur egun indarrean dagoen deskontua urtarrilaren 14an amaituko da (Barik txartelan), eta otsaileko bigarren astera arte itxaron beharko da neurri berria ezartzeko. Hain zuzen ere, Bizkaiko Garraio Partzuergoa eta Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza ostegun honetan bildu dira % 50eko deskontua onartzeko, EAJk eta PSEk horrela adostu ondoren.
Arabari dagokionez, Tranvia, Alavabus eta Eskualde Garraioko erabiltzaileek % 50eko deskontua izango dute urte osoan, baita pertsonalizatu gabeko BAT txartela erabiltzen dutenek ere.
Erabiltzailearen argazkia eta datuak dituen txartela erabiltzen dutenek, berriz, deskontu progresiboak izango dituzte aurrerantzean, garraio publikoaren erabilera bultzatzea helburu duen sistema baten bitartez, Arabako Foru Aldundiak jakitera eman duenez. Hala, garraio publikoa askotan erabiltzen dituzten herritarrak saritu nahi dituzte.
Tuvisa hiriko autobusaren kasuan, 2023tik ezarritako deskontuak indarrean jarraituko dute. Horrenbestez, pertsonalizatu gabeko BAT txartela duten erabiltzaileek ere izango dute deskontua.
Bizkaiko Garraio Partzuergoa (BGP) ostegun honetan bildu da, eta Barik txartelarekin joanaldi bakarra egiten duten erabiltzaileei egungo deskontu bera aplikatzen jarraitzea onartu da, besteak beste.
Neurria, azken asteotan sortutako polemikaren ondoren hartu da; izan ere, hasieran, deskontua soilik hilabeteko bonuen erabiltzaileei aplikatzea aurreikusita zegoen, ez ordea Barik anonimoei.
Testuinguru horretan, Barik txartel anonimoek eta aldi baterako abonuek (Bidai 50, Bidai 70, Bidai Oro, Gazte 70 eta Gazte Oro) % 50eko deskontua izango dute otsailaren bigarren hamabostalditik aurrera, 2025eko otsailera arte.
Hala, urtarrilaren 13ra arte, Barik txartelik gabe joanaldi arruntaren prezioa osorik ordaindu beharko dute erabiltzaileek (deskonturik gabe), eta % 50 Barik txartelarekin (abonuekin bezala). Urtarrilaren 14tik aurrera, ohiko txartela deskonturik gabe ordaindu beharko dute Barik txartelaren erabiltzaileek, eta % 80 abonuen kasuan, deskontu berria indarrean sartu arte.
Errege Dekretuan oinarritutako deskontua indarrean sartzen denean, eta urtebeterako, txartel arrunt osoa baino ez da ordainduko, eta Barik txartelarekin egindako bidaiek eta abonuak % 50eko deskontua berreskuratuko dute berriro.
Halaber, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak (GGLA) % 50ko beherapenak onartu ditu Mugi txartelaren tarifa guztietan, hasieran pertsonalizatu gabeak kanpo geratuko zirela iragarri arren.
Hobari horiek Mugi sistemak berezko dituen abantailei gehituko zaizkie. Sistema horrek erabileragatiko deskontu progresiboak, garraio-operadoreen arteko doako transbordoak eta baliabide gutxien dituztenentzako deskontuak eskaintzen ditu.