Lan gatazka
'Handling' grebak Iberiako 48 hegaldi utzi ditu bertan behera euskal aireportuetan
A.A.E. | EITB Media
Loiuko aireportuko 18 hegaldi, Hondarribiko 16 eta Noaingo 14 desprogramatu ditu konpainiak. Alabaina, Iberia taldeak lurreko asistentzia ematen die beste konpainia batzuei eta horietan ere egina izan dezake lanuzteak.
Iberiako 'handling' zerbitzuan (lurreko asistentzia) ostiraletik aurrera deituta dagoen grebaren ondorioz, euskal aireportuetan konpainia honetako 48 hegaldi gelditu dira bertan behera. Loiuko aireportutik abiatu edo iritsi behar zuten 18 hegaldi desprogramatu ditu konpainiak; 16 Hondarribiko aireportutik eta 14 Noaingo aireportutik. Iberia taldeak, ordea, beste hainbat aire-konpainiei ere ematen die lurreko asistentzia; beraz, baliteke ostiralean hasten den grebak hegaldi gehiagotan eragina izatea.
CCOO, UGT eta USO sindikatuek deitu dituzte lanuzteak urtarrilaren 5, 6, 7 eta 8rako, Gabonetako azken astebururako. Ondorioz, Iberia, Iberia Express eta Air Nostrum enpresek 469 hegaldi bertan behera utzi behar izan dituzte, eta horrek 45.641 bidaiariri eragin die Estatu osoko aireportuetan.
Euskal aireportuetan Madrilekiko loturan izan du eragina; izan ere, bertan behera geratu diren hegaldi guztiak gure hiriak eta Estatuko hiriburua lotzen dituztenak izan dira.
Zehazki, Loiuko aireportuan Iberiaren 18 hegaldi desprogramatu dituzte, 9 bertatik irtetekoak zirenak eta beste 9 lur hartu behar zutenak. Hondarribiko aireportuaren kasuan, 16 hegaldi geratu dira bertan behera, 8 joanekoak eta 8 iritsierakoak. Azkenik, Iruñean, Noainen, Iberiaren 14 hegaldi desprogramatu dituzte, 7 joaneko eta 7 etorrerako.
Iberia taldeak ez ditu bertan behera utzi Forondako aireportuko hegaldiak.
Enpresa talde honek jakinarazu duenaren arabera, kaltetutako bere bidaiarien % 90,9ri irtenbidea ematea lortu du. % 80,2ri beste hegaldi bat esleitu zaio (36.321 bidaiari). Aldiz, % 10,7k (4 900 bidaiari) txartelak itzultzeko eskatu du.
Iberia Taldeko Bezeroaren Arretarako Zentroa ari da kaltetuak izan diren bidaiariei arreta ematen. 900 111 500 telefono-zenbakira deitu edo Iberiaren web-orria kontsulta daiteke. Txartelak erosi dituzten bidaia-agentzietara ere jo daiteke.
Hala ere, greba horrek ez die Iberiako konpainiei bakarrik eragiten; izan ere, Iberia Airport Servicesek lurreko zerbitzua ematen die 90 hegazkin-konpainiari baino gehiagori. Horietako batzuek dagoeneko jakinarazi dute bidaiarientzako irtenbideak bilatu behar izan dituztela.
Vueling konpainiak, adibidez, zehaztu du operazioen % 90 mantenduko duela egunotan Loiuko aireportuan. Gaineratu duenez, kudeatu ezin izango dituen hegaldietako bidaiariei beste bidaia bat hartzea proposatu die; egun berean, aurreko egunean edo hurrengo egunean. Ez bidaiatzea erabaki duten erabiltzaileei, berriz, txartelaren kostuaren dirua itzuliko diela jakinarazi du.
Vuelingen arabera, kaltetutako bidaiarien % 90ek baino gehiagok "irtenbide horiek onartu" dituzte.