Itxi

LAN GATAZKA

Osakidetzako garraio zerbitzuan azpikontratatutako langileek bi asteko grebari ekingo diote astelehen honetan

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Osakidetzak anbulantzia-zerbitzua emateko zuzenean kontratatuta dituen langileen "lan-baldintza berdinak" eskatzen dituzte sindikatu deitzaileek.

Abenduaren 20an Gasteizen egin zuten manifestazioa. Argazkia: LAB

Osakidetzako osasun-garraio zerbitzuan (anbulantziak) azpikontratatutako langileek bi asteko greba hasiko dute astelehen honetan, ELA, LSB-USO, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek deituta.

Lanuztearen lehen egunean, elkarretaratzeak egingo dira, 11:00etatik aurrera, Gurutzetako, Donostiako eta Arabako ospitaleetan.

Sindikatuek azaldu dutenez, "homologazioa" eskatzen dute; hau da, Osakidetzak zerbitzu horretarako "zuzenean kontratatutako langileek dituzten lan-baldintza berdinak".

Osasun Sailetik ez dutela bilera-deialdirik jaso salatu dute, baina Lan Sailarekin bai bildu dira. Horien esanetan, bi aldiz bildu da Lan Saila sindikatuekin eta patronalarekin, baina "ez da oraingoz inolako aurrerapenik izan".

Kolektibo honek hiru greba-egun deitu zituen abenduan, "negoziazioan aurrerapenik ez" zegoela salatzeko.