Itxi

Greba

Sindikatuen arabera, itunpeko eskoletako grebak % 65eko jarraipena izan du; patronalaren hitzetan, % 15ekoa

AGENTZIAK | EITB Media

Leer en Castellano

Itunpeko irakaskuntzako sindikatuek adierazi dutenez, "patronalak dirua eta baliabideak ditu gatazka gelditzeko". Otsailera arte deitutako 10 greba egunetan lehenengoa da gaurkoa, EAEko gizarte ekimeneko ikastetxeetan, ELA, LAB, UGT, CCOO eta Steilas sindikatuak deituta.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko irakaskuntzako gizarte-ekimeneko ikastetxeetan deitutako greba-egunaren jarraipena % 65 ingurukoa izan dela esan dute sindikatuek.

Bestalde, Kristau Eskolaren arabera, Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan lehen greba egin duten langileak % 15,11 izan dira, ikastetxeen % 50,82ko datuen arabera.

Otsailera arte deitutako 10 greba egunetan lehenengoa da gaurkoa, EAEko gizarte ekimeneko ikastetxeetan, ELA, LAB, UGT, CCOO eta Steilas sindikatuak deituta, eta, joan den asteartean Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalekin izandako bilera akordiorik gabe amaitu ondoren.

Guztira, 9.000 langile daude deituta grebara, eta, 130.000 ikasle eta 215 ikastetxeri eragiten die Gaurkoaz gain, lanuzteak deituta daude urtarrilaren 18, 23, 24 eta 25erako eta otsailaren 6, 7, 8, 19 eta 20rako.

Goizean goizetik hainbat mobilizazio izan dira lurralde guztietan; informazio-piketeak egin dira Araban eta Donostian, eta kalejirak, berriz, Bizkaian. Zehazki, Bilbon, zutabeak 11:15etatik aurrera elkartu dira Escolapios ikastetxean, manifestazioan Hezkuntza Ordezkaritzara joateko.

Bilboko manifestazioa hasi aurretik, sindikatuetako ordezkariek berriro kritikatu dute Kristau Eskola eta Aice-Izea patronalen negoziazio mahaiko jarrera.

Sindikatuentzat, bere planteamenduak "erabat eskasak, berantiarrak eta gatazka luzatzeko estrategia dutenak" dira, eta horrek "langileen artean haserrea sortu du", gaitzetsi du Miren Zubizarreta ELAko ordezkariak.

Gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako lan hitzarmena 2021etik dago iraungita. Sindikatuek egiten dituzten aldarrikapen nagusien artean daude, besteak beste, lan zama arintzea, sektore feminizatu eta prekarizatuak hobetzeko neurriak hartzea, soldata KPIaren arabera igotzea, eta lanpostuak mantentzea, besteak beste.

ELAko ordezkariaren esanetan, sindikatuak prest daude patronalekin "behar beste" biltzeko, hitzarmen berria adosteko, eta berretsi du, arlo ekonomikoan, soldatak "KPIari lotuta" joan behar dutela, langileen pobretzea saihesteko.

"Helburua ez da, berez, titulartasun publikoko ikastetxeekin soldatak homologatzea", adierazi du, Kristau Eskolak egindako ohartarazpenari erantzunez; izan ere, itunpeko irakaskuntzan grebei eustean, sindikatuak "ordainsarien homologazioa arriskuan jartzen ari direla" esan baitzuen.

Bestalde, sindikatuek berriro salatu dute ezarritako gutxieneko zerbitzuen "neurrigabekeria", zehazki, Hezkuntza Laguntzako Espezialistei dagokienez; izan ere, adierazi dutenez, kasu batzuetan, "zentro askok espezialistak kontratatu beharko lituzkete agindua betetzeko".

Aurretik, urrian eta abenduan, bederatzi egunez egin zuten greba.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuaren ustez, sindikatuek hamar eguneko grebari eustea "gehiegizkoa" eta "erabat kaltegarria" da ikasleentzat.

"Elkarrizketa, negoziazioa eta akordioa" eskatu ditu, eta aldeen artean "alde handirik" ez dagoela zehaztu ostean, negoziazioak irekita daudenean hamar eguneko grebari eustea "izugarria" dela nabarmendu du, "eta ikasleentzat eta familientzat" izugarria".

Bideoak (2)