Itxi

Aurreakordioa

LABen eta patronalaren aurreakordioari esker, % 15,3ko soldata igoera izango dute ikastoletan aurten

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Lan baldintzak ikastetxe publikoetako langileek dituztenekin parekatzeko bidean, lanpostuei eusteko eta lan zama arintzeko neurriak ere itundu dituzte. Gainera, 2027rako soldata igoerak % 18-20raino heltzea hitzartu dute.

% 15eko soldata igoera izango dute ikastoletan aurten

Hitzarmena berritzeko aurreakordioa sinatu du Donostian LAB sindikatuak Ikastolen Elkartearekin eta Eusko Ikastolen Batzako arduradunekin, lan baldintzak langile publikoak dituztenekin parekatze aldera, eta iazko ekainaren 1ean Hezkuntza Sailarekin lortutako itunaren testuinguruan.

Hala, % 15,3ko soldata igoera izango dute 2024 honetan, eta 2027rako % 18-20rainoko igoerak aurreikusi dituzte, erosahalmena bermatze aldera.

Halaber, lanpostuei eusteko eta lan zama arintzeko neurriak nahiz baimen berriak adostu dituzte aipatu sindikatuak eta patronalek. Akordioa "oso ona" dela iritzita, gizarte ekimeneko patronalei bide beretik jotzeko deia egin die, eta horretarako mobilizazioekin jarraituko dute.

Bestalde, datozen hilabeteetan euskara indartzeko, behar bereziak dituzten ikasleen arreta hobetzeko, hezkuntzaren eraberritzean sakontzeko, kudeaketa aldatzeko eta beharginen lan karga arintzeko neurriak negoziatuko dituzte.