Itxi

Europako Banku Zentrala

Udan interes tipoak jaisteko aukera egon daitekeela uste du Lagardek

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Euroguneko interes-tasak % 4,5ean daude gaur egun. Nahiz eta EBZko presidenteak jaitsiera izateko aukerak onartu, "ziurgabetasuna dagola-eta", tentuz hitz egin du eta datuak egokiak badira egingo direla azaldu du.

Christine Lagarde, EBZko presidentea, artxiboko irudi batean.

Christine Lagardek, Europako Banku Zentraleko (EBZ) presidenteak, Davoseko Munduko Ekonomia Foroan egin dioten elkarrizketa batean aitortu duenez, litekeena da zuzentzen duen erakundeko kideak adostasun batera iristea datorren udan interes-tasak jaisteko.

Lagardek aukera hori zabaldu du, baina tentuz hitz egin nahi izan du. Erabakia une horretako datuen arabera hartuko dela esan du; izan ere, oraindik "ziurgabetasuna dago eta adierazle batzuk ez daude nahiko genukeen mailan egonkortuta".

Euroguneko interes-tasak % 4,5ean daude gaur egun. Abenduko bileran maila horretan mantentzea erabaki zuen EBZk. Urteko inflazio-tasa, aldiz, bost hamarren igo zen abenduan eurogunean, % 2,9raino.

Europako Banku Zentralak tasak jaisteko data bat jarri eta 2024an gerta litekeela onartzen duen lehen aldia da honakoa. Azken hilabeteetan, inflazioa % 2ren inguruan egonkor kokatu arte horrelakorik ez zela gertatuko ziurtatzen zuten Lagardek zuzentzen duen erakundeko ordezkariek.

Presidentearen iritziz, banku zentralek inflazioa kontrolatzeko "bide egokitik" bideratu dituzte haien politikak. Hala ere, uste du oraindik goiz dela helburua lortu dela esateko.

Halaber, gogor kritikatu ditu tipoak berehala murriztuko direla adierazten duten merkatuko ahotsak. "Azkarregi hitz egiten ari dira gerta daitekeena kontuan hartuta, eta horrek ez dio batere laguntzen inflazioaren aurkako borrokari", esan du.