Sor-marka berean
Aurrerabideak, Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako sagardoak Euskal Sagardoa jatorri deituran sartzeko
EITB Media
Pirinioetako mugaz gaindiko jatorri deitura duen lehen edaria izango da, eta, araudi bera izateaz gain, kudeaketa eta zertifikazioa ere bateratua izatea adostu dute inplikatutako erakundeek. Europar Batasunarekin izapide administratiboak amaitutakoan gauzatuko da integrazioa.
Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko sagar eta sagardo ekoizleak Euskal Sagardoa jatorri deituran sartzeko prozesuan aurrerabide garrantzitsuak eman dituzte Eusko Jaurlaritzak, Euskal Hirigune Elkargoak eta Nafarroako Gobernuak sinatu berri duten akordioarekin.
'Euskal Sagardoa-Sidra del País Vasco-Cidre du Pays Basque-Euskal Sagarnoa' da Euskadi, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko ekoizleak (guztira 400 sagar-ekoizle eta 60 sagardogile) hartuko dituen jatorri deitura berriaren izena, eta Europako mugaz gaindiko lehen sor-marka izango da.
Ostiral honetan eman dute akordio horren berri Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak; Joseba Erramundeguy Euskal Hirigune Elkargoko Mugaz gaindiko, Europako eta Nazioarteko kontseilariak; Jose Maria Aierdi Nafarroako Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariak, eta, sagardo sektorearen ordezkari gisa, Unai Agirre Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako zuzendariak eta Bixintxo Aphaul Domaine Bordattoko sagardogileak.
Tapiak azaldu duenez, azken hilabeteotan Pirinioetako bi aldeetako sektoreak proposamen bat lantzen aritu dira, INAO Frantziako Jatorri eta Kalitatearen Institutu Nazionaleko eta HAZIko teknikarien laguntzarekin, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Hirigune Elkargoaren babesarekin, eta behin akordioa lortuta, Frantziako eta Espainiako Ministerioei helarazi zaie.
Tapiaren esanetan, bi ministerioek "martxan jarri dute prozesua", eta behin herrialde bakoitzeko tramitazioak pasatuta, "Bruselarekin Euskal Sagardoaren ezaugarrien izapidetze administratiboak lotzear gaude".
Erakundeek uste dute jatorri deitura komuna datorren udarako egongo dela martxan, eta, beraz, ziurtatzen duen lehen sagardo uzta 2024ko irailerako edo urrirako izango litzateke.
Sailburuaren arabera, "Europan ez dago araudi bakarrarekin funtzionatzen duen mugaz gaindiko beste jatorri deiturarik", eta "eremu geografikoa zabaltzeaz gain, mugaren alde bietako sagar motak araudi berean sartzea" adostu dutela gaineratu du.
HAZIko Kontrol eta Zertifikazio arloa dagoeneko hasia da INAOrekin harremanetan Frantzian ere homologatua izateko eta jatorri izenaren zertifikazioa HAZIk egin dezan.
Erramundeguyk Eusko Jaurlaritzarekiko "lankidetza" nabarmendu du, eta "gure ondare eta kultura komunaren" isla den "kalitatezko produktu enblematiko" horrek hartuko duen "mugaz gaindiko dimentsioa" azpimarratu du.
Bestalde, Aierdik nabarmendu du proiektuan parte hartzen duten hiru administrazioek "asko" dutela komunean, "iruditeria" partekatzen dutelako, baina baita "tokiko produktuei laguntzeko eta bultzatzeko estrategia" eta landa-eremu "bizi eta aktibo" baten aldekoa ere.
Azkenik, horren aburuz, bide burokratikoa "ez da erraza izango", baina erakundeek "eskutik joateko borondatea" dute arlo horretan.
Bruselaren oniritzia jaso bezain pronto, Nafarroako sektorea Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako kide izatera pasatuko da. Nafarroako sagar-ekoizle eta sagardogileak ere Euskal Sagardoan sartzeko prozedurari heltzeko konpromisoa hartua dute Kontseilu Arautzaileak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak.