Hipotekak
Hipoteka gastuak erreklamatzeko epea ez litzateke 23an bukatu beharko, kontsumitzaileen elkarteen arabera
EITB MEDIA
Alde batetik, Kontsumobidek aholkatu du urtarrilaren 23a baino lehen aurkeztea erreklamazioa. Euskal Herriko Kontsumitzaileen Batasunak, bestalde, esan du okerrenean jarrita, 2024ko apirilaren 24an amaituko litzatekeela epea, eta OCUren arabera, ezin da ziurtzat jo azken eguna bihar ez denik.
Kontsumobide elkarteak —interpretazio juridiko batean oinarrituta— hipoteka gastuen gaineko erreklamazioak urtarrilaren 22a baino lehen egitea aholkatu zuen iragan astean. Izan ere, interpretazio horrek 2024ko urtarrilaren 22a ezartzen zuen epemugatzat.
Euskal Herriko Kontsumitzaileen Batasunaren arabera, baina, 2021ean Auzitegi Gorenak preskripzioaren gainean planteatutako hiru galderetako bati Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak emandako erantzunean du jatorria epemuga horrek, eta "oraindik argitu gabeko erantzunak daude tartean".
Zehazki, Gorenak galdetu zuen noiz hasita hartzen zen kontuan bost urteko preskripzioa. Horrekin lotuta, Europari hiru agertoki proposatu zizkion EBri:
Lehena, epaileak hipoteka gastuen % 100 bezeroak ordaintzea baliogabetzat jotzen duen egunetik hastea zenbatzen.
Bigarrena, Auzitegi Gorenak 2019ko urtarrilaren 23an ezarritako jurisprudentzia aintzat hartzea, eta, horrenbestez, 2024ko urtarrilaren 24an bukatzea epea. Epemuga horri, baina, alarma egoerak iraun zuen tartea gehitu beharko litzaioke, alegia, 82 egun. Hartara, agertoki okerrenean jarrita, 2024ko apirilaren 24an amaituko litzateke epea.
Hirugarrenik planteatzen zen preskripzio epea europar justiziak epeei buruz ebatzitako epaiak eman zituenetik hastea (2020ko uztailaren 9a eta uztailaren 16a). Horrela izatekotan, erreklamazioa egiteko epea 2025eko uztailaren 9an edo 16an amaituko litzateke, kontuan izan gabe alarma egoerak iraun zueneko 82 eguneko tartea.
OCUk Euskadin duen ordezkari Kepa Loizagak ere eman du horri buruzko iritzia, eta esan ez dagoela ziurtatua noiz arte jarri daitezkeen erreklamazioak, hots, ez dutela "ziurtasun juridikorik", "Europak erabakiko duenaren zain baikaude". "Berez, baliodun ez ziren izan 82 egun horiek kontuan hartu beharko lituzkete, baina hobe da interpretazio horien zain ez geratzea", erantsi du.
Zenbat diru itzuli behar diote banketxeek bezeroei?
Notarioaren gastuen % 50, eta jabetza erregistroaren, gestoriaren eta tasazioaren % 100 itzuliko beharko dute banketxeek.
Horrekin batera, hipoteka gastuak ordaindu zirenetik sortutako interesen % 100 ordaindu beharko liekete bezeroei.
Nola erreklamatu hipoteka gastuak
Lehenik eta behin, erabiltzaileak erreklamazioa aurkeztu behar du hipoteka sinatu zuen banketxearen Bezeroaren Arreta Zerbitzuan edo hipoteka hori bere gain hartu duen banketxe berrian.
Erreklamazioa aurkezten denetik bi hilabetera erantzunik jaso ez duen edo ezezkoa jaso duen bezero orok auzitara eraman ahalko du banketxea.