Itxi

Ikastetxeetako jantokiak

EAEKo 17 ikastetxeri jantoki zerbitzua ematen dion Serunion enpresarekin kontratua eten du Hezkuntza Sailak

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Bi aldeen arteko desegite akordioa, ikasturte honetan ikastetxe jakin batzuetako jantokietan izandako arazoen ondotik etorri da. Otsailaren 5etik aurrera, sektoreko enpresek beteko dute Serunionek ikasturte honetan ematen zuen jantoki zerbitzua.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Hezkuntza Sailak eta Serunion SA-k erabaki dute bertan behera uztea aipatu enpresak Euskadiko hainbat ikastetxeetan jantoki zerbitzua emateko sinatuak zituen kontratuak. Orotara, EAEko 17 zentrotan jantoki zerbitzua ematen du Serunion enpresak. 

Bi aldeen arteko desegite akordioa, ikasturte honetan ikastetxe jakin batzuetako jantokietan, Araban batez ere, izandako arazoen ondotik etorri da. 

Arazo gehien jakinarazi dituen ikastetxeetako bat Duranako Ikasbide ikastola izan da. Han, duela zenbait hilabete, "mikroorganismoak" agertu ziren pasta plater batean. Ondoren, beste ikastetxe batzuek salatu zuten menuen kalitatea txarra zela edo beren plateretan larbak aurkitu zituztela. Hainbat jantokitan, tomatedun haragizko platerak erretiratu behar izan zituzten, zapore "azidoa" zutelako. Murgian, Institutuak salatu zuen menestra batean intsektuak aurkitu zituela. Salaketa hauen guztien aurrean, Eusko Jaurlaritzak 65.000 eurotik gorako isuna jarri zion Serunioni.

Gertakari horien aurrean, Hezkuntza Sailak irekiak ditu hainbat espediente, eta gertakari horiek gizartean izan duten eragina ere kontuan hartuta, enpresak uko egin die ikastetxe publikoetan jantoki zerbitzua emateko egindako azken lizitazioan lortu zituen kontratuei.

Eusko Jaurlaritzako zerbitzu juridikoek Serunionen eskaera aztertu ondoren, Hezkuntza Sailak kontratuak desegitea ebatzi du, alde biek elkarrekin adostuta. Otsailaren 5etik aurrera, sektoreko enpresek beren gain hartuko dute Serunion SA-k orain arte kudeatzen zituen lau loteetan zerbitzua ematea. Era honetan ziurtatuko da ikasle guztiek jantoki-zerbitzua bermatuta izango dutela.

Zehazki, Tamar, Auzo Lagun eta Goñi enpresek emango dute zerbitzua eskola-jantokietan.

"Tentsioa eta konfiantza falta"

Ohar batean, Serunionek adierazi du irailetik bere lana aurrera ateratzeko izan dituen "tentsioak eta konfiantza faltak" erabakia hartzera eraman dutela. 

Enpresak gaineratu duenez, otsailaren 5etik aurrera ardura hartuko duten enpresekin elkarlanean arituko da, eskualdatze "arduratsua eta ordenatua" egiteko.

"Lehentasuna familiak eta ikasleak dira"

Hedabideei egindako adierazpenetan, Bildarratzek ziurtatu du kontratu horiek amaitzeko akordioak ez dakarkiola inolako ordainik enpresari, eta irtenbide hori hartu dutela jantokietan eskaintzen diren menuen kalitatea hobetzeko.

Ikasturte bakoitzean 15 milioi otordu ematen diren jantokietan atzemandako arazoen aurrean, "guretzat lehentasuna familiak eta ikasleak izan dira beti", ziurtatu du sailburuak.

Bideoak (1)