Itxi

Europar Batasuna

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak bide eman dio hipoteken gastuak erreklamatzeko epeak luzatzeari

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Justizia Auzitegi horrek dio hipoteka-gastuak erreklamatzeko epea mugatzen duen Espainiako jurisprudentzia Europako Zuzenbidearen aurkakoa dela.

Argazkia: EFE

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ebatzi du hipoteka-gastuak erreklamatzeko epea mugatzen duen Espainiako jurisprudentzia Europako Zuzenbidearen aurkakoa dela. Izan ere, preskripzio-epea gastuak ordaintzen diren unetik aurrera hasten da, erabiltzaileak bere eskubideak ezagutzen dituen eta errekurtsoa jartzeko denbora duen kontuan hartu gabe.

Epaiak preskripzio-epe horiek luzatzeari bide eman dio orain, bezeroek bankuei hipoteka-gastuak itzultzeko eska diezaieten klausula gehiegizkoa izan denean. Gortearen arabera, kontsumitzaileak bere eskubideen berri izan behar du epea hasi edo amaitu baino lehen, eta errekurtsoa aurkezteko "denbora nahikoa" izan behar du.

Zenbait erabiltzailek Caixabanki, BBVAri, Banco Santanderri eta Banco Sabadelli eskatu zieten notarioaren, erregistroaren eta hipotekaren kudeaketaren gastuak itzultzeko, ordaindutako klausula gehiegizkoa eta, beraz, baliogabea zela iritzita.

Bankuek argudiatu zuten orduan hamar urteko epea preskribatuta zegoela itzulketa erreklamatzeko, baina Bartzelonako lehen auzialdiko epaitegiak atzera bota zuen argudio hori, eta gastuak ordaintzera zigortu zituen. Hori dela eta, errekurtsoa jarri zuten Probintzia Auzitegian, Sabadellen kasuan izan ezik, epaitegiak arrazoia eman baitzion erakundeari, eta erabiltzaileek errekurtsoa jarri zuten.

Bartzelonako auzitegiak, orduan, Europako Auzitegiari eskatu zion abusuzko klausulei buruzko Europako zuzentaraua interpreta zezala; alde batetik, zehazteko noiz hasten den preskripzio-epea, eta, bestetik, argitzeko kontsumitzaile batek zer ezagutza izan behar duen klausularen abusuzko izaerari buruz.

Epaian, Europako Auzitegiak dio EBko zuzentaraua Espainiako zuzenbidearen interpretazioren aurkako dela. Hain zuzen ere, Espainiako legearen arabera, hamar urteko preskripzio-epe hori gastuen azken ordainketa egiten denetik aurrera hasten da, eta ez du kontuan hartzen kontsumitzaileak gertakarien balorazio juridikoaren jabe den ala ez.

Gorteak adierazi duenez, gainera, preskripzio-epe bat ezartzea ez da, berez, eraginkortasun-printzipioaren aurkakoa, baldin eta eskubideak egikaritzea gehiegi eragozten edo zailtzen ez badu, eta, horretarako, epeak "materialki nahikoa" izan behar du kontsumitzaileak errekurtsoa prestatu eta jarri ahal izateko.

Beraz, epea printzipio horrekin bateragarria izateko, kontsumitzaileak bere eskubideen berri izan behar du epe hori hasi edo amaitu baino lehen.

Espainian, Auzitegi Gorenak 2021ean berretsi zuen bankuek hipoteka-gastuak (tasazioaren % 100, erregistro eta gestoria gastuak eta notarioen gastuen erdia) ordaindu behar dituztela hipotekaren klausula baliogabetzat jotzen denean.