ARRANTZA
Espainiako Gobernuak Bizkaiko Golkoan txitxarroa arrantzatzea debekatu du, bi hilabetez
AGENTZIAK | EITB Media
Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak txitxarroa arrantzatzeko behin-behineko debekua argitaratu du Espainiako Aldizkari Ofizialean.
Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak Bizkaiko Golkoan txitxarroa arrantzatzea debekatu du, urtarrilean eta otsailean, bertako populazioaren egoera hobetzeko asmoz.
Europar Batasunak txitxarroaren harrapaketa kopuru baimendua (TAC) zero izango dela ezarri ondotik, inguraketa-arrantzako ontziek eta amuz harrapatzen duten ontzi txikiek ezingo dute bi hilabetez inguru horretan arrantzatu.
Ministerioak gaur zabaldutako ohar baten arabera, "geldialdiak txitxarroaren populazioa suspertzen lagunduko du, Espainiako Ozeanografia Institutuaren txostenak jasotzen duen bezala. Gaineratu duenez, itxiera neguko hilabeteetan egiteak arrain gehiago helduarora iristea ahalbidetuko du.
Itxierak izango dituen ondorio sozioekonomikoak arintzeko, ontziek FEMPA laguntzak eskatu ahal izango dituzte.
Txitxarroa arrantzatu ezinari gehitu behar zaio, Bizkaiko Golkoko frantziar uretan otsailaren 20ra arte arrantzatzeko debekua.