Interes tasak
Guindosen esanetan, interes tasen jaitsiera datuen araberakoa izango da, "EBZk ez du horretarako egutegirik"
AGENTZIAK | EITB MEDIA
"Inflazioa gure helburura iristen denean jaitsiko ditugu interes tasak, alegia, % 2ari eutsiko diola ziurtzat jotzen dugunean", azpimarratu du EBZko presidenteordeak.
Europako Banku Zentraleko (EBZ) presidenteorde Luis de Guindosek ziurtatu du ez dutela interes tasen jaitsiera aurreikusten duen "inolako egutegirik", hau da, erabakia datuen eta inflazioaren eboluzioaren araberakoa izango dela.
"Inflazioa gure helburura iristen denean jaitsiko ditugu interes tasak, alegia, % 2ari eutsiko diola ziurtzat jotzen dugunean", azpimarratu du RNEri emandako elkarrizketa batean.
Haren hitzetan, prezioak "asko jaitsi dira", eta bide horretatik jarraituko dute, "beheranzko joera hartu baitu inflazioak".
"Albiste onak dira, azken urteotan Europan bizi izan dugun arazo ekonomiko larriena beharbada inflazioa izan delako. Horrek erosahalmenean eragina izan du, bereziki, diru sarrera txikiak dituztenen artean. Hortaz, berri onak dira, eta berandu baino lehen moneta politikan nabarituko da", adierazi du.
Interes tasen beherakada udan iritsiko ote den galdetuta, Guindosek argi utzi du EBZk ez dutela horretarako egutegirik, eta datuetan oinarrituko direla erabakiak hartzerakoan.
Nolanahi dela, aitortu du badirela testuinguru ekonomikoa mehatxatzen duten arriskuak, "Ekialde Hurbileko eta Itsaso Gorriko krisiak, kasu". Azaldu duenez, garraioaren kostuan eragina izan dezake horrek, eta, ondorioz, prezioetan.