Itxi

EMAITZAK

BBVAk 8.019 milioi euroko irabaziak izan zituen 2023an, inoizko handienak

AGENCIAS | EITB MEDIA

Leer en Castellano

2022ko datuekin alderatuta, % 26,1 egin zuten gora finantza erakundearen irabaziek. Emaitza horiekin, BBVAk iragarri du akzioko 55 zentimo banatuko dituela, dibidendu gisa, eta akzioak berrerosteko plan berri proposatuko du: 781 milioi euro bideratuko ditu horretara.

BBVAk Bilbon duen bulegoetako bat. Argazkia: EFE

BBVA finantza erakundeak bere ibilbidean inoiz lortu dituen irabazi handienekin itxi zuen 2023a: 8.019 milioi euroko irabazi garbiak, 2022an baino % 26,1 gehiago. Emaitza horien arrazoien artean, bankuaren arabera, behin eta berriz eman den diru-sarreren hazkundea legoke, merkataritza-jardueraren eta interes tipoen igoerak lagunduta.

Datuokin, BBVAk iragarri du dibidenduak banatzea —akzioko 55 zentimo— proposatuko duela datorren asterako deituta duten Akziodunen Batzarrean. Hala, aurreko urteko datuekin alderatuta, % 28 gehiago banatuko du bankuak dibidendutan. Denera, 4.000 milioi euro.

Era berean, akzioak berrerosteko operazio berri bat ere jarriko dute mahai gainean, akziodunek berresteko: 781 milioi euro bideratuko ditu plan horretara.

Bankuaren errentagarritasunari dagokionez, BBVAren ROTE (Return On Tangible Equity, ingelesez) adierazlea —enpresa baten errentagarritasuna neurtzen duen adierazlea— % 17an kokatu zen iaz, 2022an baino bi puntu gorago.  ROE (Return On Equity) adierazleak ere  —irabazi garbiaren eta ondare garbiaren arteko aldea neurtzen du— bi puntu eskas egin zuen gora, % 14,4tik % 16,2ra.

Azkenik, BBVAk jakinarazi du kreditua handitu egin dela negozio-arlo guztietan —Estatu espainiarrean izan ezik, hor apur bat murriztu baita —, eta hobetu egin dela bezeroen diferentziala. Azken horrek, besteak beste, interes-marjina % 29 areagotzea eragin du, 23.089 milioi euroraino.