URTARRILEKO KPI AURRERATUA
Inflazioa % 3,4raino igo da urtarrilean, argindarraren garestitzea tarteko
O. A. | EITB Media
Bestalde, azpiko inflazioa bi hamarren jaitsi da, % 3,6raino.
Kontsumoko Prezioen Indizearen urte arteko tasa % 3,4raino igo da urtarrilean, iazko hilabete bereko datuekin alderatuta, Espainiako Estatistika Institutuak gaur aurreratutako datuen arabera. Abendutik urtarrilera, berriz, prezioak hamarren bat garestitu dira.
Urte arteko inflazioak gora egin du, batez ere, argindarraren garestitzearen ondorioz. Aurtengo urtarriletik argindarraren BEZa % 5etik % 10era igo da, eta, hortaz, iazko hilabete berean baino garestiagoa da. Aitzitik, erregaiak merkatu egin dira urteko lehen hilabetean, iazko epe berarekin alderatuta.
KPIak berriro ere gora egin du bi hilabetez behera egin ostean. Halaber, urritik izandako maila altuenera iritsi da, orduan % 3,5ekoa izan baitzen urte arteko datua.
Azpiko inflazioa, energia eta elikagai freskoak kontuan hartzen ez dituena, bi hamarren jaitsi da urtarrilean, % 3,6raino, aurreko urteko hilabete bereko datuekin alderatuta. 2022ko martxotik izandako daturik apalena da, orduan % 3,4koa izan baitzen.
Carlos Cuerpo Espainiako Ekonomia ministroak azpimarratu duenez, inflazioa "% 3 inguruan mantentzen da" eta azpikoak behera egiten jarraitzen du.
Urtarrileko datu aurreratua datorren otsailaren 15ean baieztatuko du Espainiako Estatistika Institutuak.