Itxi

Hipotekak

Beherantz doa euriborra: Erdi mailako hipoteka baten kuota urrian baino 47 euro merkeagoa da orain

A.Aramendi Elduaien | EITB Media

2023ko urrian goia jo zuenetik, jaisten ari da eurogunean maileguen kuotak kalkulatzeko erabiltzen den indizea. Urtarrilaren amaierara % 3,614an iritsi da eta gerturatzen ari da duela urtebete zuen mailara.

Urrian baino merkeagoa da orain erdi-mailako hipoteka bat. Irudia: EITB Media.

2023a urte txarra izan da Euribor indizean oinarritutako maileguak ordaindu behar dituztenentzat. Europako Banku Zentralak ezartzen dituen interes tipoei jarraiki, gora eta gora egin zuen, harik eta urrian % 4,16ko maila hartu zuen arte. Aspaldiko urteetan horrelakorik ikusi gabe geunden, 2008tik hain zuzen ere.

Urritik gaur arte, ordea, beheranzko bideari ekin dio. Azaroan % 4ko muga horren gainetik gelditu zen justu justuan (% 4,022). Abenduan, berriz, azken 14 urteetan hilabete bakarrean egindako jaitsierarik nabarmenena egin zuen eta % 3,679an itxi zuen urtea. Urtarrileko batezbesteko datua ere, koxka bat beheraxeago kokatu da, % 3,614an.

2022ko udaberrian hartu zuen goranzko joera maileguen kuotak kalkulatzeko indizeak. 2016tik ordura arte negatiboan egon zen, baina 2021ean inflazioa hazten hasi zen eta Ukrainako Gerrak egoera okerragotu egin zuen 2022ko martxoan. Harrez gero, hipotekak asko garestitu dira.

Euriborraren bilakaera 2008tik. Irudia: EITB Media.

Jaisten hasi den arren, orain etxebizitza-mailegua edo tasa aldakorra daukan beste maileguren bat berrikustea egokitzen zaien horiek 2023ko urtarrilean baino garestiago ordainduko dute kuota – orduan % 3,337an baitzegoen-. Hala ere, urrian baino merkeagoa izango da.

25 urtetan itzultzeko eta % 1eko diferentziala duen 150.000 euroko erdi-mailako hipoteka bat adibide hartu dugu. 2023ko urtarrilean berrikuspena eginda, 819,93 euroko kuota ordaindu beharko litzateke. 2023ko urrian berrikusita, kuota 890,92 eurokoa zen. Aldiz, orain berrikusiko bagenu, 843,66 eurokoa izango litzateke, urrian baino 47 euro merkeagoa.

EBZk ezartzen dituen interes tipoekin lotuta dago euriborraren maila. Inflazioa % 2aren azpitik mantentzeko borroka horretan tasak igotzen joan da eta urritik % 4,50an mantendu ditu. Udazkenean iragarri zuten 2024an tasa horiek jaisteko aukera egon zitekeela, baina Ekialde Hurbileko gatazkak sortutako ezinegonak prezioak nahi baino altuago mantentzen ditu - % 2,9an gelditu zen abenduan eurogunean- eta Pedro de Guindosek, EBZko zuzendariordeak, interes tipoen jaitsierak ez duela "egutegirik" esan berri du.

Hala ere, euriborra, apurka bada ere, ari da behera egiten. Abenduko jaitsieraren ondoren, urtarrilean % 3,6aren bueltan ibili da eta eguneroko tasa % 3,550etik behera ere egon da egun batzuetan, 2023ko otsailetik izan duen mailarik baxuenean.

Adituen ustez, ekonomiak ezusteko handirik ematen ez badu, 2024an jaisten jarraituko du eta maileguak dituztenetako askori arnasaldi bat emango dio.

Albisteak (1)